Adifek 6,6 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Barkaiztegiko pasabide berria egiteko
Martuteneko tren geltokia, Barkaiztegin. Inaxio Esnaola Abiadura handiko trenaren obra egiten ari den Adif enpresak 6,6 milioi euro baino gehiagoko lizitazioa egin du Martuteneko Barkaiztegi auzoko pasabide berria eraikitzeko. Madril-Hendaia linearen gainean jarriko dute ibilgailuentzako eta oinezkoentzako zubibide berria. Horrela, trenbide sarearen bi aldeetako zirkulazioa lehengoratuko dute, 2021eko maiatza hasieran eten zutena.
Martuteneko tren geltokitik Barkaiztegi auzunera bitarteko mugikortasuna hobetu eta berrezarriko dute. Zehazki, gaineko pasabide berri bat eraikiko dute, ibilgailu astunen joan-etorrietara egokiturikoa. Oinezkoen pasabidea, berriz, kendu zutena baino hobeagoa eta zabalagoa izango da.
Proiektua aurrera eramateko, hainbat faktore aintzat hartu dituzte. Besteak beste, Martuteneko pasealekua eta Barkaiztegi auzunea lotzeko beharra, geltokiaren kokapena eta Barkaiztegiko bidearen baldintzak. Horrekin batera, trenbide linearen eta Urumea ibaiaren arteko espazioa kontuan hartu dute.


