Bizilagunak programa egingo dute maiatzaren 10ean, arrazakeriari aurre egiteko ezagutza sustatzeko
Mugimendu erreakzionarioak gora doazen honetan, “arrazoi handiagoz” antolatzeko ekimena antolatu dute, aurten ere, Sos Arrazakeria eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean: Bizi lagunak. Argigarria da aurtengo leloa: Etxean edo parkean, harremanak elikatzen! Izan ere, ekimenaren funtsa horixe da: janariaren bueltan elkar ezagutza sustatzea.
Funtzionamendua erraza da: jatorri atzerriko familia bat eta bertan jaiotako familia bat elkartu, eta bazkari batekin, harremana “elikatzea”. Horretarako, Sos Arrazakeriak dinamizatzaile bat jartzen du, bi familiak harremanean jarri, eta enkontrua errazteko. Orain arte, gainera, etxean hartzen zen bazkaria, baina, iaztik, berrikuntza bat jarri dute: kalean, parkean edo elkarte gastronomikoetan ere egingo dituzte.
Horrek esan nahi du, formatu gehiago eta pertsona gehiagora iristeko aukera dagoela honela. “Helburua ez da herri bazkari bat egitea, horrelakoetan, ondokoarekin hitz egiten bukatzen dugulako, gure kuadrillakoekin. Eta, hemen, garrantzitsuena, jende berria ezagutzea da”, azaldu du Itziar Gorostidi Sos Arrazakeriako bozeramaileak. Gorostidik balioan jarri du egitasmoa, “arrazakeriari aurre egiteko” bidea delakoan: “Ezagutzak elikatzea da gakoa, harremanek aurrera egin dezaten”.
Aldundiko Giza Eskubidetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusia den Ion Gambrak ere nabarmendu du ekimenaren balioa: “Gero eta anitzagoa da gure gizartea, baina hori ez da nabaritzen kuadrilletan, kalean, eta inguruan”. Hori dela eta, urratsez urrats, honelako ekimenek laguntzen dutela ziurtatu du.
Parte hartzea eta izen ematea
Interesa dute pertsonek izena eman behar dute aldez aurretik ondorengo helbidean. Hiru parte hartze modu aukeratu behar dira: anfitrioi gisa, parte hartzaile gisa edo dinamitzatzaile gisa. Izena emateko epea maiatzaren 1era arte egongo da zabalik.
Azaldu dutenez, iaz, 420 lagun inguruk parte hartu zuten Gipuzkoa osoan, eta, aurten, udaberrian izanik, espero dute jende gehiagok izena eman ahal izatea.


