Dena prest dago Donostian eta Gipuzkoan Realaren kopako finala «ilusioz eta komunitatean» bizitzeko
Alderdi Ederren kokatuko den gune nagusiko egitarauaren berri eman dute, probintzian kokatuko diren gainerako guneen eta pantailen informazioarekin batera.
Txurdin, Jokin Aperribai, Eider Mendoza, Jon Insausti, Anton Arriola eta Joseba Urkiola, agerraldian.Donostiako Udala Donostiako Udalak, Gipuzkoak Aldundiak eta Realak agerraldi bateratu bat egin dute gaur arratsaldean, Gipuzkoa plazan. Larunbatean, hilaren 18an, Realak Sevillan jokatuko duen Espainiako Kopako finala, Donostian eta Gipuzkoan “ilusioarekin eta komunitatean” bizi ahal izango dela iragarri dute.
Alderdi Ederren kokatuko den gune nagusiko egitarauaren berri eman dute, probintzian kokatuko diren gainerako guneen eta pantailen informazioarekin batera. Xehetasunak eman dituzte Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jon Insausti Donostiako alkateak eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak. Anton Arriola Kutxabankeko presidenteak eta Joseba Urkiola EITBko kirol zuzendariak ere parte hartu dute agerraldian.
Mendozak esan du “gipuzkoarrok partekatzen ditugun balio nagusiak” ordezkatzen dituela Realak: “Apaltasuna, talde lana, harrobia, koloreei errespetua, elkartasuna, komunitatea”. Insaustik, berriz, “kolore txuri-urdinak eragiten digun sentimenduari forma eman nahi izan” diotela nabarmendu du. “Horretarako antolatu dugu realzale guztion topagunea, Alderdi Eder gisako leku esanguratsuan. Hori izango da larunbatean plaza nagusia eta bertaraino ekarriko dugu Sevillan biziko den emozioa”.
Bi pantaila erraldoi jarriko dituzte udaletxearen fatxadan, Insaustiren arabera, “hain zuzen ere, Euskadiko bi handienak”. Egitarauari dagokionez, ez da finaleko partidara mugatuko: “Herritar guztiontzat zabaldu nahi dugu festa, etxeko txikienetatik hasi eta adin nagusikoak ere kontuan hartzeraino. Izan ere, Reala belaunaldiz belaunaldi transmititzen den sentimendua da”.
Finalaren aurretik eta ondoren
Donostiako Udaletxearen ingurua La Cartujako zaleen gunearen luzapena izango dela adierazi dute, 15:00etatik 01:00etara. Aipaturiko bi pantaila erraldoien bidez jarraitu ahal izango da finala, eta Sevillako zaleen gunearekin konexioak egingo dituzte.
Gaineratu dutenez, ekitaldia sorpresaz beterikoa izango da. Eñaut Elorrieta, Go!azen, Xabi Solano, Gozategi eta DJ Jonkassen emanaldiek girotuko dute gunea. Aldiz, Iban Garcia, Gabriela Uriarte, Miren Nogales eta Alex Padilla izango dira aurkezle moduan arituko direnak, egunak beharrezko martxa eta giroa izan dezan. Zaletu txikienek ere beren lekua izango dute, hauek Portuko zonaldean, 11:00etatik 19:00etara, puzgarriak eta jolasak izango baitira bertan, baita Makusi gunea ere.
Ostalaritzarako ere lekua egongo da, janari eta edari postuekin. Ohar baten berri ere eman dute. Alderdi Ederreko zaleen gunean soilik contacless bidez ordaindu ahal izango da —gailu elektronikoekin edo txartel fisikoarekin—.



