«Ez dakit nola, baina argi daukat duten onena eman beharko dutela»
Espainiako Kopako finala lagunekin ikusiko du Cecilia Marcosek (Amara Berri, 2001), Alderdi Ederren. Argi dauka Realeko mutilek azken minutura arte borrokatu beharko duela irabazteko.
Cecilia Marcos Realeko jokalaria.Joseba Parron San Sebastian Larunbatean, Realak aukera du bere historiako bosgarren kopa irabazteko, gizonezkoen hiruak eta emakumezkoena kontuan hartuta. Horren gaztea izanik, soilik 2019akoa bizitzeko aukera izan zenuen. Gogoan duzu?
Bai, horixe. Urte hartan Añorgan nenbilen, eta zale gisa bizi ahal izan nuen finala. Lagunekin elkartu eta Trinitate plazako pantaila erraldoian ikusi genuen. Gogoan dut ikaragarria izan zela, asko poztu ginela eta behar den moduan ospatu genuela.
Realak Atletico Madril menderatu zuen 2019ko kopako finalean. Madrildarrak sasoi onean zeuden, faboritoak ziren, baina Realak irabazi zuen. Titulu bat partida bakar batek erabakitzean, indarrak berdintzen dira?
Baliteke, bai, dena delako posible. Reala ez zen faboritoa, baina partida borobila eginda eskuratu zuen kopa. Merezimendu osoz, gainera. Mugarri bat izan zen Realeko nesken taldearentzat eta klubarentzat. Batetik, emakumezkoen lehen titulua izan zelako, eta, bestetik, nesken futbolari ikusgarritasuna eman ziolako Donostian eta Gipuzkoan.
Urtebete geroago Realarekin bat egin zenuen. Gutxigatik ez zinen final hartan izan.
Bai, baina ez naiz damutzen. Añorgan oso gustura nengoen, eta gerora jaso nuen Realaren deia. Beraz, zale gisa bizi izandako esperientziarekin konformatzen naiz.
Aldiz, 2024ko kopako finalean bai izan zinela. Bartzelona egokitu zitzaizuen, areriorik gogorrena. Bi urte geroago, gogoan duzu final hura?
Kopa irabazi ez genuen arren, esperientzia ona izan zen niretzako. Ezustekoa ematen saiatu ginen, baina ez zen posible izan, arerio zailena zelako. Aurten, finalera iritsi ez izanaren penarekin gaude, baina datorren denboraldian berriz ere saiatuko gara.
«Aste honetan, kopari begira eta oso kontzentratuta ikusi ditugu mutilak»
Kopako hirugarren finala jokatuko du Realak Atletico Madrilen aurka. Mutilek 1987an menderatu zuten, eta neskek 2019an. Beste behin ere, madrildarrak dira faboritoak. Ordea, hirugarrenez emango dute ezustekoa txuri-urdinek?
Zergatik ez? Aste honetan, kopari begira eta oso kontzentratuta ikusi ditugu mutilak. Ez dute besterik buruan. Aldiz, Atletico Madrili aste aldrebesagoa egokitu zaio Txapeldunen Ligarekin. Horrek mesede egiten dio Realari, helburu bakar bat duelako denboraldia bukatu bitarte: kopa irabaztea.
Nola jokatu beharko lukete kopa irabazteko?
Ez dakit nola, baina argi daukat duten onena eman beharko dutela. Azken minutura arte borrokatu beharko dute Atletico Madril mendean hartzeko, eta badute horretarako gaitasuna.
Sevillara zoaz?
Ez, Donostian geratzea erabaki dut. Taldeko batzuk hara doaz, baina nik nahiago dut finala hemen bizi. 2019koaren antzera, lagunekin ikusiko dut, baina Alderdi Ederren. Ea historia errepikatzen den mutilen taldearekin.



