Merina Gris talde donostiarrak KEXP irrati ospetsuan grabatu du, euskarazko lehen taldea bihurtuta
Donostiako Merina Gris taldeak nazioarteko oihartzun handiko ekimen bat egin berri du: KEXP irrati estatubatuar entzutetsuaren “Live on KEXP” saioan parte hartu du, eta euskaraz aritu den lehen taldea izan da formatu horretan.
Saioa 2025eko urriaren 31n grabatu zen, Bilboko Enkarnazio elizan, BIME jaialdiaren baitan, eta orain argitaratu dute osorik. KEXP irratiak mundu mailan duen prestigioari esker, grabazioak ikusgarritasun handia eskaintzen die bertan parte hartzen duten artistei, batez ere eszena alternatiboan.
Merina Grisek bost kantu interpretatu ditu saioan, tartean Ardi Latxen Herrian, Hiru Damatxo, Lilili, Irteera eta Antes no era más feliz. Bideoan jasotako elkarrizketan, taldeak bere burua aurkeztu eta Euskal Herriko eszena aldarrikatu zuen, hyperpoparen gisako gero eta gehiago daudela nabarmenduz.
KEXP
KEXPek, Seattle hirian egoitza duen irratiak, urteak daramatza mundu osoko musika alternatiboa zabaltzen, eta azken urteotan nazioarteko grabazio-saioak ere egiten ditu. Bilboko grabazio hau ‘Live on KEXP in Bilbao’ ekimenaren pean kokatzen da, BIMErekin elkarlanean garatua eta hainbat erakunderen babesarekin, besteak beste Basque. Music., Sounds from Spain, ICEX eta AIEren laguntzarekin. Testuinguru berean, Basque. Music. plataformaren bitartez euskal artistek presentzia izan zuten jaialdian, hala nola Marte Lasarte, Maloa Brothers eta Txopet taldeek showcase bana eskaini baitzuten nazioarteko profesionalen bertaratzea baliatuta.
Basque. Music. egitasmoa, hain zuzen ere, Etxepare Euskal Institutuaren eta Musika Bulegoaren nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatzen da. Bi erakundeek, Eusko Jaurlaritzarekin batera, euskal musikaren presentzia nazioarteko azoka eta topagune profesionaletan sustatzen dute, eta artistei ikusgarritasuna emateaz gain, sektoreko harreman-sareak indartu eta zirkulazio-aukerak zabaltzen dituzte.


