Beti presaka
Klik-klak.Joseba Parron San Sebastian Korrika batetik, korrika bestera. Edateko denborarik ere ez. Presaka entrenatzera, korrika egiteko. Berandu nabilenez, gainera, motoan. Gelditzeko denborarik ere ez. Ai, zergatik da Joxe Ripiau beti horren lagun: «Presaka, beti presaka, inora ez iristeko».
Irakurri berri dut antzinako gizakiek egunero 2.500 erabaki hartu behar izaten zituztela. Eta, guk, batez beste, egunean, 35.000 erabaki. Garun gaitasun igualak ditugu, eta, akaso, ase ditugu bideak. Gure sinapsiak dira Ormuzko itsasartea, minaz josirik, atzera kontaketan, leherketarako prest.
Korrika, korrika, korrika. Gure aste osoa goitik behera programaturik, ahalik eta produktiboen izan gaitezen: abdominal markatu eta gluteo sendoak uda aurretik; zeramika eta liburuak etxeko dekoraziorako; yoga eta meditazioa laneko estresetik erregulatzeko; tarteka lagunak ikusi, azken berriak kontatzeko. Dena korrika, korrika, korrika. Hiperproduktibo izan, superproduktu izateko.
Eta oporrak –harrapazank, Txiribiton–, deskonektatzeko! Ez al da, bada, garaia, konektatzen hasteko?


