Koparen bila doaz gainerakoen babesarekin
Realak eta Atletico Madrilek jokatuko duten finala da asteburuko kirol zita (bihar, 21:00). Horrela ere, ez da norgehiagoka bakarra izango.
Mikel Oiartzabal egungo kapitaina 2021ean irabazitako koparekin.Reala Begirada, lerroburu eta zaletasun guztiak partida bakarrera jarritako egongo dira asteburuan. Realak Atletico Madrilen kontra bihar jokatuko duen Espainiako Kopako finala da zita garrantzitsua, zalantzarik gabe. Sevillako La Cartuja futbol zelaian jokatuko da, 21:00etatik aurrera. Txuri-urdinek historiako bosgarren kopa eskuratu eta altxatzeko aukera izango dute, eta arerioa estu hartu beharko dute helburua betetzeko. Gol bat gehiago sartzearekin nahikoa da, futbolaren legeak ezarri ohi duenez. Horren bila eta partida txukun bat jokatzera abiatu dira Pellegrino Matarazzoren mutilak, eta posible dela sinetsita daude. Horrela izan dadila.
Eskubaloian, liga erregularreko azken neurketa jokatuko du Bera Berak etxean, Gaska kiroldegian (bihar, 19:00). Valladoliden aurka ariko dira, sailkapeneko lehen postua ziurtatua ostean. Zaleei beste garaipen bat eskaintzeko aukera izango dute donostiarrek.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek pasa den jardunaldian ziurtatu zuen emakumezkoen maila gorenean jarraitzea. Dena dela, falta diren bi partidetan emaitza onak lortzen ahaleginduko dira. Bihar dute lehena, Leganesen pistan (16:30). Gipuzkoa Basketek, berriz, Mallorca hartuko du gaur, Gaska kiroldegian (20:00). Etxetik kanpo lorturiko azken garaipen gozoarekin, beste bat eskuratzen ahaleginduko dira. Bost partida falta zaizkie liga erregularra bukatzeko.
Belar hockeyan, Realak garaipen bat behar du Sanse Complutenseren kontrako porrota ahazteko. Castelldefels azken sailkatuaren aurka ariko dira etzi, Zubietan (12:00). Irabazteko moduko norgehiagoka da, baina maila ona eman beharko dute horretarako.
EMAITZAK
Futbola
Espainiako Kopako finala
- Atletico Madril – Reala (bihar, larunbata, 21:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 26. jardunaldia
- Bera Bera – Valladolid (bihar, larunbata, 19:00)
Saskibaloia
Emakumezkoen lehen maila, 29. jardunaldia
- Leganes – Ibaeta Basket (bihar, larunbata, 16:30)
Gizonezkoen bigarren maila, 30. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Mallorca (gaur, ostirala, 20:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 17. jardunaldia
- Reala – Castelldefels (etzi, igandea, 12:00)


