Patxillardegi baserriaren etorkizunaren inguruan negoziatzen ari dira udala eta Jaurlaritza
Loiolako Patxillardegi baserriaren egungo egoera.EH Bildu Egoera oso txarrean daude, aspalditik, Loiolako Hipika bideko etxebizitzen ingurua eta Patxillardegi baserria. Duela bi urte, EH Bilduk aurkeztutako kontrol mozio bat onartu zuen Donostiako Udalbatzak aho batez, eremu horren guztiaren egoera hobetzeko, baina urteotan ez da esku hartzerik egin bertan. Hori dela eta, EH Bilduk interpelazioa aurkeztu du gaurko udal batzordeetan, udal gobernuari gaiaren inguruan galdetzeko.
Duela bi urteko mozioan, udalbatzak, alde batetik, onartu zuen administrazio eskudunari eskatzea administrazio jarduketa egokiak bultzatzeko, “Patxillardegi baserriak merezi dituen segurtasun eta apaindura baldintzak berreskura ditzan, eta era horretan, horrekin monumentu gisa katalogatutako eraikina behar bezala babestu eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko”. Bestetik, onartu zuten udal gobernuak “behar adina administrazio jarduera abian jartzea lehenbailehen, mendi hegal horren segurtasun baldintzak berrezartzeko eta instalatutako behin-behineko hesi elementuak kendu ahal izateko”.
EH Bilduk salatu duenez, ordea, “bi puntuetako bat ere ez da bete”: “Alde batetik, Patxillardegi baserria etengabe hondatzen ari da, gure HOEBPBan babes mailarik handiena duen higiezin baten irudi tamalgarria emanez. Bestalde, eta mendi hegalari eta bihurgune aldean dagoen ‘behin-behineko’ hesiari dagokienez, eremu horri behar duen segurtasuna emateko behar diren obrak ez dira egin, eta, ondorioz, garai batean jarritako hesia ere ez da kendu”.
Baserria zaharberritzea
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, Patxillardegi baserriaren etorkizuna da eremua hobetzeko gakoa: “Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan gaude, baserria zaharberritzeko beharraren inguruan hitz eginez. Daukagun zalantza da hor bertan zaharberritu behar den edo beste leku batean. Izan ere, baserria kokapen zail batean dago, zulo batean sartuta, eta, hori dela eta, ezin diogu jarraipenik eman Loiolako bulebarizazioaren espaloiari”.
Zinegotziak nabarmendu duenez, baserriaren etorkizuna zehaztuagoa dagoenean eman ahalko diote irtenbidea Hipika bidearen inguruko egoerari. Ordea, ez du esku hartzeen edo erabakien inguruko denbora eperik jakinarazi: “Ea gai garen baserriaren inguruko akordio batera heltzeko Eusko Jaurlaritzarekin, oso garrantzitsua baita”. “Mendi magalari dagokionez, exekuzio subsidiarioaren prozedura abiatu beharko dugu”, gaineratu du Arzallusek.
