Bera Berak Elene Fresco gaztearen aldeko apustua egin du
Elene Fresco jokalari zarauztarra, lehen planoan.Bera Bera Denboraldian zehar Bera Berako bigarren eta lehen taldearekin jokatzeko aukera izan du Elene Fresco zarauztarrak. 18 urte beteko ditu irailean, eta Donostiako lehen taldeko jokalaria izango da 2026-2027ko sasoian. Horrela, jokalari gaztearen aldeko apustua egin du Bera Berak.
Iazko udan iritsi zen klubera, eta orduan adierazi zuen “aukera ezin hobea zela berarentzat” jokalari eta pertsona gisa hobetzen jarraitzeko. Bederatzi hilabete inguru geroago, “oso eskertuta” agertu da, “hasieratik jokalariekin oso ondo sentitu naiz taldean eta konfiantza hori transmititu didate”.
Guztira, hamasei partida jokatu ditu Bera Beraren lehen taldearekin, eta beste sei deialditan sartu du Imanol Alvarez entrenatzaileak. Iberiar Superkopan egin zuen debuta Madeiraren kontra, eta finalean bere lehen gola egin zuen Benficaren aurka.
“Nire buruarengan konfiantza gehien sentitzen dudan unea iritsi da, baina prozesua luzea dela eta oraindik ikasteko asko dudala jakinda. Jokalari eta pertsona hobea izateko motibatuta sentitzen naiz. Ikaskuntzaz betetako urtea izan da, eta ziur nago prozesu honek jarraituko duela eta dinamika honetan jarraitzea oso esanguratsua izango dela niretzat”, adierazi du Frescok.
Ligako eta kopako tituluei begira, sasoiko hiruak irabazteko gogotsu ikusten du taldea. “Taldekideek gauza onak esan dizkidate eta ilusio handia daukat esperientzia berri hau bizitzeko”, gaineratu du. Hain zuzen ere, Donostian jokatuko den Espainiako Kopako azken fasea aukera izango du zarauztarrak.


