Bretxako plaza berriak eguzki lore forma izango du
Donostiako Udalak hilaren 13an aurkeztu zien proposamena Parte Zaharreko auzotarrei eta eragileei, eta haien ekarpenak jaso zituzten.
Javier Zubiria arkitekto donostiarrak egindako diseinuaren simulazioa.Donostiako Udala Bretxako egungo plaza eraldatzeko proposamena aurkeztu du Jon Insausti alkateak. “Parte Zaharraren bihotza da. Azken hamarkadetan aldaketa ugari izan ditu, baina ez diogu inoiz heldu behar duen eraldaketari”, adierazi du Insaustik.
Eguzki lore forma eman diote, eta hiru irizpidetan oinarrituta diseinatu dutela nabarmendu du: “Bizileku bat, topaleku bat eta arima duen gune bat izatea. Parte Zaharra bizitzeko da, eta ez ekitaldiak hartzeko toki bat. Hiri osoarentzat izango da, baina auzotarrentzat, batez ere. Plazak elkartzeko leku bat izan behar du bertakoentzat eta handik pasatzen direnentzat. Eta, noski, ezin da edozein plaza izan, izaera propioa izan behar du”.
Parte Zaharreko Javier Zubiria arkitektoak egin du plaza berriaren diseinua. “Auzoko arkitekto gazte batengana jo dugu, begirada lokala eta munduari begirakoa duena. Izan ere, leku ikonikoa da, Parte Zaharrera sartzeko atea, eta arkitektura berezia izan behar du”, azaldu du alkateak. Zubiriak proposatu du eguzki lore forma ematea plazari, “Parte Zaharra eta hiri osoa babesteko, eta aldi berean, ingurunearekin lotzeko”.
Auzotarrekin bilera
Bretxako plaza berriaren proposamena auzotarrekin, merkatariekin eta beste eragile batzuekin konpartitu du udalak. Hain zuzen ere, hilaren 13an bilera bat egin zuten udaletxean, eta han izan ziren 20-30 auzotar, Insaustik zehaztu duenez: “Haiekin batera landu da behin betiko proiektuari amaiera emateko ekarpenak egin zezaten”. Horrela, auzoko bizilagunek eta eragileek egindako ekarpenekin osatuko dute azken diseinua.
“Parte Zaharreko bizilagunek denbora luzez transmititutako sentimendua jaso ondoren diseinaturikoa da. Plaza publiko handi bat eskatu dute, azken hamarkadetan gertatu ez den moduan. Horrela, arnasgune bat eta hiri espazioa osatuko duen gune bat eraikitzea lehenetsi dugu”, azaldu du alkateak. Maiatza bukaerarako plazaren behin betiko diseinua aurkeztu ahal izatea espero du.
Xehetasunak, epeak eta aurrekontua
Eguzki loreko plazaren bidez, lau izkinetatik sartu ahal izango da bertara, beste euskal ikur bati keinua eginez; alegia, lauburuari.Bi diagonalek eta plazako lau sarrerek plazaren inguruko kaleak lotuko dituzte, plazaren perimetroa eta erdialdea bereiziz. Perimetroan zamalanak egin ahal izango dira, eta erdialdea, berriz, lasaitasun une bat bizi nahi duten edo plaza zeharkatu nahi duten pertsonek soilik erabili ahal izango dute. “Horrela, ingurunea oasi moduko bat bihurtuko da hirian, landaretzaz inguratua, tipologia desberdineko banku ugarirekin, baina irisgarriak pertsonek erabiltzeko erraztasuna izan dezaten”, dio proiektuak.
Horrekin batera, eskultura banku zentral bat egongo da lorearen gailur gisa, banaka, taldeka, inguruko pertsonekin, eserita edo etzanda gozatzeko, lasaitasun uneak edukitzeko eta abarrekin elkarrizketa berriak hastea ekarriko duena gogora. Banku tipologia berri horrek hainbat interakzio mota ahalbidetzen ditu, pertsonek espazio publikoan kalitate denbora igaro dezaten. “Plaza bere egunerokotasunean biziko dutenentzat pentsatua izan da, baina malgutasunean eta moldagarritasunean ere pentsatu da. Bere ezaugarri zirkularrak eta geometria organikoa direla eta, espazio paregabea eskainiko du hainbat formatan bizitzeko”, zehaztu du udalak.
Udalak aurreikusitako aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da, eta epe zehatzik ez du eman Insaustik. Dena dela, 2027ko lehen hiruhilekoan espero dute egungo plazan dagoen tupperware eraikina eraistea. Orduan hasiko lirateke plaza berria urbanizatzen. Lan horien iraupena, berriz, lau hilabetekoa izatea aurreikusten du udalak.


