«Etxebizitza tasatuen alde egingo dugu, urtetan klase ertaina izan delako ahaztuena»
Txomiñeneko bigarren faseko etxebizitzak tasatuak, libreak eta babes sozialekoak izatea nahi du Jon Insausti alkateak.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa aretoan.Donostiako Udala Martuteneko kartzela ixtean eta eraistean, Txomiñeneko bigarren fasea bideratuko dute Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak —400 etxebizitza inguru eraikitzea da aurreikuspena—. Izan ere, lurrak estatuarenak dira, eta argitzeko dago zein motatako etxebizitzak eraikiko diren. Horren inguruan galdeginda, “akordiorik onenaren bila” dabiltzala esan du Jon Insausti alkateak, astearteroko agerraldian.
Iazko martxoan, bigarren fasearen inguruko bilera egin zuten hiru erakundeek, eta David Lucas Espainiako Etxebizitza eta Hiri Agenda idazkari sozialistak adierazi zuen “babesturiko etxebizitzak errazten” ahaleginduko direla: “Etxebizitza eskuragarriak, babestuak eta prezio egokian eros daitezkeenak izatea nahi dugu”. Ildo berekoa da Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburua, eta Txominen bigarren fasean eraikiko diren etxe gehienak babes sozialekoak izatearen alde agertu da.
Insaustik, ordea, eraiki beharreko etxebizitzak hiru motatakoak izan behar direla berretsi du: “Infernuan egin nahi dugun modu berean, etxebizitza tasatuak, libreak eta babes sozialekoak eraikitzearen aldekoak gara”. Batez ere, etxebizitza mota baten alde agertu da: “Etxebizitza tasatuen alde egingo dugu, urtetan klase ertaina izan delako ahaztuena. Beheko baremoetan ez dira sartzen, baina merkatu librera joateko gaitasunik ez dute, garestiegia delako. Gizartearen gehiengoa da klase ertainekoa, eta tasatuak horri erantzuten dio”.
Bentaberri jarri du eredu gisa, han mota desberdinetako etxebizitzak daudelako. “Auzoak hori da eskatu diguna, eta kohesio sozialerako eredurik onena dela iruditzen zait”, esan du alkateak.


