Sergio Garciak 2028ra arte berritu du kontratua Gipuzkoa Basketekin
Sergio Garcia entrenatzailea, Gipuzkoa Basketen Illunbeko prentsa aretoan.Inaxio Esnaola Gipuzkoa Basket gidatzen jarraituko du Sergio Garcia entrenatzaile altzatarrak. Kontratua beste denboraldi batez luzatzea adostu dute bi aldeek, eta 2028ra arte izango da Donostiako saskibaloi taldearen entrenatzailea. Izan ere, 2027ra bitarteko lotura zuen.
Iazko udan bueltatu zen Donostiara, lehen entrenatzailearen kargua hartzera, aurrez laguntzaile gisa aritu ostean. Eskarmentua pilatu du azken urteotan, batez ere, Bilbo Basketeko entrenatzaile laguntzaile gisa aritu zenean. Aurretik, Palentzia eta Coruña gidatu zituen, besteak beste.
Klubak nabarmendu duenez, Garciarekin taldea “etengabe hazi da, lehiakortasuna sendotuz”, eta ACBra igotzeko fasera sailkatuz. “Asmatu du taldeari lanean, intentsitatean eta konpromiso kolektiboan oinarritutako nortasuna helarazten, alderdi horiek funtsezkoak baitira taldeak denboraldian zehar izan duen errendimenduan”, adierazi du klubak. “Kluba eta entrenatzailea pozik daude akordioarekin, eta elkarrekin egingo diete aurre hurrengo erronkei, ahalik eta anbizio eta ilusio handienarekin”, gaineratu dute.


