Aieteko institutuaren aldeko urratsa egin du udalbatzak
Apirileko osoko bilkuran aho batez onartu dute udal talde guztiek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari zuzenduriko eskaera.
Aieteko Institutua Bai kolektiboko kideak, udaletxearen atarian.Aieteko Institutua Bai kolektiboa Aieteko Institutua Bai kolektiboak denbora darama eskatzen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) publikoaren eskaintza bermatuko duen eraikin bat. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eskaera formala zuzendu zioten, eta, gaurko udalbatzarrean, Donostiako Udalbatzaren babesa berretsi dute. Izan ere, udal talde guztiek bat egiten dute kolektiboaren eskaerarekin.
Aurreikusi moduan, udalbatzak aho batez onartu du mozio arrunta, eta udalak Aieteko institutu publikoaren aldeko eskaera egingo dio Jaurlaritzari. “Urrats bat gertuago gaude gure Aieteko institutua lortzeko. Lagundu diguzuen guztiei eskerrik asko. Gainerakoekin bat egitera eta parte hartzera animatzen zaituztegu, beharrekoa delako eta gure eskubidea delako”, adierazi du kolektiboak.
Hezkuntza Sailari eskatu diote Aieteko institutuaren eskaera hurrengo aurrekontuetan txertatzeko eta Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoan lehentasunezko ekimen gisa jasotzeko, besteak beste.
Aiete Ikastetxeko zuzendaritzak, guraso elkarteak, Eskola Kontseiluko gurasoek eta Lantxabe auzo elkarteak osatutako taldeak osatzen dute kolektiboa.

