Errekalden Leroy Merlin irekitzeko lanek eragindako kalteak salatu ditu Eguzkik
Errekaldeko industrialdean, Lasarte-Oria eta Añorgaren arteko mugan, oso aurreratuta daude brikolajearekin lotutako kate handi baten merkataritza gune berria eraikitzeko lanak. Proiektua Coca-Cola zenaren eta Funeraria Vascongadaren atzealdean ari dira garatzen, mendi hegalean. Lanek aurrera egin ahala, inguruko paisaian eragin handia izan dutela nabarmendu du Eguzki talde ekologistak, bereziki bertan zegoen baso eremuaren desagerpena salatuz.
Duela urtebete inguru hasi ziren obrak, eta orduan bertan ohartarazi zuten mendi hegaleko hariztiak izango zuela lehen kolpea. Gaur egun, hasierako zalantzak uxatuta daudela diote: zuhaitzak kendu dituzte eta lur mugimendu handiak egin dira saltoki berriarentzako tokia prestatze aldera. Ingurura hurbiltzen den edonork ikus dezake aldaketa handia izan dela, orain arte basoz estalitako eremua obra-gune zabal bihurtu baita.
Lasarte-Oriako Udalaren asmoa Leroy Merlinen saltoki handi bat ezartzea da. Hala ere, kokapenak zalantza ugari sortu ditu hasieratik. Izan ere, industrialdea dagoeneko eraikinez beteta dago, eta saltokia jartzeko aukeratutako gunea malda piko bat da, gaur egun errepideari eusten dion ezponda. Horrek esan nahi du espazioa egokitzeko obra handiak egin behar direla, bai lurzoruan, bai inguruko sarbideetan. Gainera, ingurune horrek jada baditu trafiko eta mugikortasun arazoak, eta dokumentu ofizialetan bertan “kaotiko” gisa definitu dira loturak eta aparkaleku egoera, Eguzkiren arabera.
Testuinguru zabalagoan, Errekalde ingurua merkataritza presio handiko eremua bihurtzen ari da. Oasa zaharraren lurretan beste saltoki handi bat eraikitzeko asmoa dago, eta inguruan daude jada Urbil, Mercadona, McDonald’s eta Belartza merkataritza- uneak. Horren aurrean, gero eta ozenago entzuten da galdera bera: “Benetako lurralde-antolaketa dago atzean, ala interes pribatuen arabera egindako hirigintza eredua nagusitzen ari da?”.


