Guardetxeak bere lehen urteurrena ospatuko du, larunbat honetan
Guardetxea.Artxiboko irudia Guardetxeak urtebete beteko du asteburu honetan, eta urteurren hori ospatzeko egitarau zabala prestatu dute larunbaterako, maiatzak 2. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, duela urtebete hamarnaka gaztek, hainbat elkarte eta eragilerekin batera, sei urtez hutsik egon zen eraikina okupatu eta “auzolanean konpondu” zuten.
Esan dutenez, urtebete hau “erresistentzia antolatzen eta kontraboterea eraikitzen” eman dute, hiri erdialdeko turistifikazioari eta gentrifikazioari aurre egiteko espazio gisa. Hori dela eta, urteurrena “ospatzeko modukoa” dela adierazi dute.
Egun osoko egitaraua
Ospakizunak 11:00etan hasiko dira Guardetxean bertan, Gazteok kontraboterea eraiki hitzaldiarekin. Solasaldia Matalaz eta Alde Zaharreko Gazte Mugimenduaren (AZGM) eskutik izango da.
Eguerdi partean, jarduerak auzoko beste gune batzuetara zabalduko dira. 14:30ean bazkari herritarra egingo dute Arrano elkartean. Bazkarirako txartelak hamabi euroko prezioa izango du eta bertan ordaindu beharko da. Ondoren, 17:00etan, toki berean, Mus Txapelketa jokatuko da (hamar euro bikoteko).
Arratsaldean, jarduera gozoa: 17:30ean txokolatada egingo dute Zuloaga plazan, auzotar guztiei irekia. Eguna amaitzeko, festa berriro Guardetxera itzuliko da 22:00etan, Maraka Sound Sistem eta zenbait DJ-en emanaldiekin.
AZGAk herritarrei dei egin die jardueretan parte hartzeko eta bazkarirako aurrez izena emateko, haiekin harremanetan jarriz.

