(H)ilbeltza itzulpen beka Idoia Santamariarentzat izango da
Friedrich Dürrenmatten 'Das Verspreche'n euskarara ekarriko du itzultzaile donostiarrak; lana 2027 amaieran argitaratzea aurreikusi dute.
Idoia Santamaria izan da aurtengo (H)ilbeltza itzulpen bekaren irabazlea, eta haren esku geratu da Friedrich Dürrenmatten Das Versprechen eleberria euskaratzeko ardura. Euskal nobela beltzaren asteak urtero antolatzen duen laguntzaren bidez, genero horretako sorkuntza eta itzulpen proiektuak bultzatzen dituzte, urtez urte txandakatuz bi ildook. Aurten, itzulpenaren txanda izan da.
Bekaren deialdira guztira hamaika lagin aurkeztu dira. Epaimahaia Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Amaia Apalauza (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Maddalen Subijana Txalaparta argitaletxeko kideak osatu dute. Hautagaien artean, Santamariaren proposamena nabarmendu dute, itzulpenaren kalitateagatik eta jatorrizko obraren tonua euskaraz egoki emateagatik.
Epaimahaikideen esanetan, Santamariak asmatu du Dürrenmatten idazkeraren berezitasunak euskarara ekartzen, bereziki joskeran egindako lan zainduari esker. Halaber, testuan erabilitako hizkera “neutro eta zehatza” azpimarratu dute, alemanetik euskararako egokitzapenean oreka lortuz.
Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu lehen ordainketan, eta beste horrenbeste lana amaitzean. Aurreikuspenen arabera, Txalaparta argitaletxeak 2027ko abenduan kaleratuko du liburua, eta 2028ko (H)ilbeltza jaialdian aurkezpen berezia egingo diote. Horrela, euskarazko nobela beltzaren katalogoak nazioarteko klasiko berri bat izango du laster.

