Bera Berak Errioxa gainditu behar du ligaren bila jarraitzeko
Realeko neskek eta mutilek etxetik kanpo jokatuko dute, Realeko belar hockey taldeak Zubietan eta Gipuzkoa Basketek Gaskan.
Bera Beraren eta Errioxaren arteko joanekoaren agurra.Bera Bera Bi goleko abantailarekin egingo dio aurre Bera Berak ligako titulurako final-laurdenetako itzulerakoari. Errioxaren pistan espero baino estuago irabazi ostean (23-25), Gaskan sailkatu nahi dute finalerdietara. Donostiarrak dira etxetik kanpo irabazi zuten bakarrak, eta oraindik dena erabakitzeke dago kanporaketako beste norgehiagoketan. Errioxa gainditzen badute, lauko finalean Galiziako talde bat izango dute aurrez aurre: Atletico Guardes edo Porriño —berdindu egin zuten joanekoan–. Finalerdietara sailkatzea lortzen badute, helburu hori albo batera utzi beharko dute. Izan ere, datorren astean Espainiako Kopa jokatuko dute hilaren 8tik 12ra, Illunben.
Futbolean, Realaren lehen mailako bi taldeek etxetik kanpo jokatuko dute. Neskak Coruñan ariko dira Deportivoren kontra, etzi, 12:00etan. Jardunaldiko emaitzen arabera, txuri-urdinek sailkapeneko hirugarren postua matematikoki ziurtatzeko aukera dute. Horrela bada, Realak Txapeldunen Liga jokatuko du datorren sasoian. Mutilak, berriz, Sevillara bueltatuko dira astelehenean, baina ligako oso bestelako neurketa bat jokatzeko, Sanchez Pizjuan zelaian (21:00). Txuri-urdinek hiriko talde nagusi Sevilla izango dute aurkari, jaitsiera postuetan dagoena. Beraz, ez da batere partida erraza izango. Hori bai, hiru puntuak batuz gero, Txapeldunen Ligako postuetara hurbiltzeko urratsa egingo dute.
Belar hockeyan, Realak Egara hartuko du Zubietan, etzi, 12:00etan. Bigarren sailkatuaren aurka ezustekoa ematen ahaleginduko dira. Txuri-urdinak sailkapen nagusiko bederatzigarren tokian daude, eta denboraldiari neurria hartu ezinda dabiltza.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ACB ligara igotzeko kanporaketei begirako neurketa garrantzitsu bat izango du, etzi, 18:00etan. Menorcaren aurka jokatuko dute Gaska kiroldegian, eta Sergio Garcia entrenatzaileak aurreratu duen moduan, irabaztea oso baliagarria izango litzateke igoera faserako.
PARTIDAK
Eskubaloia
Ligako titulurako final-laurdenak (itzulerakoa)
- Bera Bera – Errioxa (bihar, larunbata, 18:00)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 27. jardunaldia
- Deportivo – Reala (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 34. jardunaldia
- Sevilla – Reala (astelehena, 21:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Reala – Egara (etzi, igandea, 12:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 33. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Menorca (etzi, igandea, 18:00)

