CNTk dio klase borroka dela gerra bakarra
'Manifestatzen gara oraina sutan delako eta etorkizuna kendu nahi digutelako', ohartarazi dute Bulebarrean egindako bukaerako hitzartzean.
CNTko kideen manifestazioa, Bulebarrean.Inaxio Esnaola Aranzadi Bakarrik eta mezu argi batekin aldarrikatu du CNTk Maiatzaren Lehena. Gerra bakarra klase borroka dela oihukatu dute Bulebarreko erlojutik abiatu eta hainbat kale gurutzatuz egindako manifestazioan. Bulebarrean bukatu dute martxa, Bretxaren ondoan, ohitura duten moduan.
“Gaur, maiatzaren lehenean, ez gara nostalgiagatik edo erritual bat dela eta manifestatzen. Manifestatzen gara oraina sutan delako eta etorkizuna kendu nahi digutelako. Lana esplotazioa delako irten gara kalera, obedientzia bertute gisa inposatzen zaigulako, eta duintasuna ez dagoelako salgai guk aukeratu ez ditugun merkatutan.Lanaldi prekario bakoitzak, murriztutako eskubide bakoitzak, gutxi batzuen onuraren mendeko bizitza bakoitzak berresten digu sistema honek ez duela nahikoa erreformarik”, adierazi dute.
Horrekin batera, desobedientziarik gabe etorkizunik ez dagoela nabarmendu dute: “Desobeditzen dugunean, agindu bidegabeak betetzeko ez ginela jaio gogoratzen dugu. Bizitza bizirautera mugatzen dela onartzeari uko egiten diogu. Nagusirik gabe antolatzea da desobedientzia, baimenik gabe antolatzea, beldurrik gabe aurre egitea. Desobedientzia ez da kaosa: ordena berri baten hazia da, behetik jaioa, horizontala, solidarioa eta askea”.
Irakurri duten adierazpena borobiltzeko “bakea, lana eta iraultza” aldarrikatu dituzte. “Gaur, atzoko lez, anarkosindikalismoak ez du baimenik eskatzen: alternatibak eraikitzen ditu. Tokian tokiko sindikatuetan, elkar laguntzarako sareetan; greba, okupazio, kooperatiba eta kaleetan. Esplotazioa dagoen tokian, erresistentzia egongo da. Obedientzia eskatzen badigute, errebeldiatik erantzungo dugu.Mundu zahar honi eusten diotenek dardara egin dezatela”, ohartarazi dute.
Jarraian, CNTren mobilizazioaren irudiak ikus ditzakezue, baita Maiatzaren Lehenean Donostian egin dituzten beste manifestazioetakoak ere, LAB, CCOO eta UGT, eta ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitarista ere kalera atera baitira hirian:

