LABek etxebizitza, zerbitzu publiko eta soldata pentsio duinak jarri ditu erdigunean Maiatzaren Lehenean
LAB sindikatuarena izan da Maiatzaren Leheneko Donostiako manifestazio jendetsuena; Easo plazatik Trinitate plazara, manifestariek askotariko aldarrikapenez bete dituzte kaleak.
Maiatzaren Leheneko LAB sindikatuaren manifestazioa, Parte Zaharretik.Beñat Parra Maiatzaren Lehena da gaur, Langileen Nazioarteko Eguna, eta, ohiko legez, hainbat manifestazio egin dituzte Donostian, langile klasearen eskubideen alde. LAB sindikatuak egindakoa izan da jendetsuena, eta manifestariek Langileok eragin. Etxebizitza eskubidea. Kalitatezko zerbitzu publikoak. Soldata eta pentsio duinak lelopean zeharkatu dituzte Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleak, Easo plazatik Trinitate plazara.
Ibilbidean zehar, hainbat geldialdi egin dituzte, sindikatua garatzen eta babesten ari den zenbait borroka ikusarazteko: Zubietako erraustegiko langileena, borroka antirrazista, zaintzaren arloko langileena eta abar. Era berean, askotariko aldarriak entzun dira mobilizazioan zehar: “Independentzia eta sozialismoa”, “independentzia eta feminismoa”, “jo ta ke, irabazi arte” eta “gutxieneko soldata hemen erabaki”, besteak beste. Gogoratu behar da, hain zuzen ere, azken aldarri horren inguruan atera zela kalera gehiengo sindikala martxoaren 17an, greba orokorrean.
Hildako 84ak gogoan
Trinitate plazan, 2025ean Euskal Herrian hildako 84 langileak gogoratuz hasi dute amaierako ekitaldia, astearteko manifestazioan egin zuten moduan; aurreskua eta lore eskaintza egin dute euren omenez. Iker Beristain Donostiako LABeko ordezkariak hartu du hitza lehenik, eta Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak ondoren: “Gora Maiatzaren Lehena!” oihukatuz hartu du mikrofonoa Aranburuk.
Gutxieneko soldata minimoa 1.500 eurokoa izatearen aldeko borrokan jarri dute fokua nagusiki, hori baita Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalaren aldarrikapen nagusia gaur egun. Horrez gain, etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata eta pentsio duinak aldarrikatu dituzte, eta gogoan izan dituzte, baita ere, euskal preso eta iheslariak eta nazioarteko zenbait borroka: Palestinakoa, Saharakoa, Kubakoa eta Venezuelakoa, besteak beste.
“Langileen aldeko politikak behar ditugu. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak”, nabarmendu du Aranburuk: “Zerbitzu publikoak sendotu behar dira, hezkuntza, osasuna eta zaintza eskubidea bermatzeko. Euskararen kontrako oldarraldiak tamainako erantzuna behar du. Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea dugulako, ofizialtasuna eta bermeak behar ditugulako. Euskara bezala, etxebizitza eskubidea ere oso garesti jarri digute. Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu beharra dago. Enpleguaren defentsan irmo ari gara hainbat tokitan”.
“Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antirrazista jorratzen segitzeko konpromisoa berresteko eguna izan da”, nabarmendu du sindikatu abertzaleak. Era berean, Euskal langileei “antolakuntza eta borrokarako deia” LABek, “euskal sindikalismo eraldatzailea sustatzen jarraitzeko konpromisoa berrestearekin batera”.
Jarraian, LAB sindikatuaren manifestazioko irudiak ikus ditzakezue, baita Maiatzaren Lehenean Donostian egin dituzten beste manifestazioetakoak ere, CNT, CCOO eta UGT eta ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitarista ere kalera atera baitira hirian:

