Langileen batasuna aldarrikatu dute, «inperialismoaren kontra eta bizitzaren alde»
ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitarista elkarrekin manifestatu dira Maiatzaren Lehenean.
ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitarista bat eginda.Inaxio Esnaola Aranzadi Langile klasearen nazioarteko egunean, bat egitera deitu dute ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitaristak. Parte Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte langileen batasuna eskatuz, inperialismoaren kontra eta bizitzaren alde.
Adierazpen bateratua egin dute, eta “krisi kateatuen testuinguru honetan”, ahotsa altxatzea erabaki dute: “Gerra irekiak eta gatazka luzeak, krisi energetikoa, larrialdi klimatikoa, bizitzaren garestitze orokorra eta desberdintasunen areagotzea”. Horrekin batera, kritiko agertu dira egungo sistemarekin: “Zuzeneko indarkeria (bonbak, okupazioak, militarizazioa) indarkeria ikusezinagoekin, baina era berean suntsitzaileekin, konbinatzen duen sistema baten menpe bizi gara: prekarietatea, baliabideen espoliazioa, ingurumen suntsipena eta eskubideen jabetza galtzea”.
Horren guztiaren aurrean, aldarri batzuk egin dituzte: “Gure inguruan dagoen armagintza eraldaketaren aldeko apustua egiten dugu. Zerbitzu publikoak indartzea defendatzen dugu — osasuna, hezkuntza, etxebizitza eta zaintzak —, zerbitzu horiek guztiek eskura izatea eta kudeaketa publikoa bermatzea. Migratzaileen eskubideak eta harrera duina defendatzen ditugu, beren lurraldeetatik kanporatzen dituen eta iristean kriminalizatzen dituen sistema baten aurrean. Desmilitarizazioa, gerraren negozioaren amaiera eta dinamika inperialistei eusten dieten egiturak baztertzea eskatzen dugu”.
Jarraian, ESK, Steilas, CGT, Antikapitalistak eta Bake Ekintza Antimilitaristak egindako manifestazioaren irudiak ikus ditzakezue, baita Maiatzaren Lehenean Donostian egin dituzten beste manifestazioetakoak ere, LAB, CCOO eta UGT, eta CNT sindikatuak ere kalera atera baitira hirian:

