«Momentuz, gozatzen eta tituluak irabazten jarraitu nahiko nuke»
Hedabideen aurrean maiz ageri da Xubane Uribarrena (Gros, 1999), Donostia Arraun Lagunak-eko ordezkari gisa. 'Lugañenea' traineruko tostartean urte gehien daramatzan arraunlaria da, eta arraunean jarraitzeko gogotsu dago. Batez ere, bandera gehiago astindu nahi dituelako.
Xubane Uribarrena arraunlaria.Inaxio Esnaola Aranzadi Zergatik aukeratu duzu Koh Tao taberna?
Lagunekin hona askotan etorri izan naizelako. Lehen, orain baino gehiago. Bulebarrean bizi naiz, etxe ondoan daukat, eta leku aproposa iruditzen zait kafe bat hartu eta solasaldi bat izateko.
Denboraldiaurrean murgilduta zaudete Donostia Arraun Lagunak-ekin. Beraz, taberna gutxi zapalduko dituzue, ezta?
Bai, baina neurrian. Tabernak gustuko ditugu, eta kirolarekin uztartu ezin dela pentsatu arren, bizitza soziala ere badugu. Duela urte batzuk zorrotzagoa nintzen arraunarekin, atsedenarekin, goiz etxeratzearekin eta tabernetan ez ibiltzearekin. Dena dela, urteek aurrera egin ahala, eta dagoeneko taldean denbora gehien darama izanik, zorroztasun hori apaltzen joan naiz. Tabernak ere gustatzen zaizkigu, eta kirolak sortzen dizkigun tentsio guztiak baretzeko lagungarriak dira.
Beraz, entrenamenduen eta estropaden aurretik zein ondoren ohiturarik baduzue tabernaren batean elkartzeko?
Bai, batez ere, ostiraletako entrenamenduaren aurretik kafe bat hartzeko elkartzen gara, eta baita ondoren ere, pintxo bat jateko. Denboraldiaurrean aukera gehiago izaten ditugu. Izan ere, denboraldia hasten denean, tabernetan ez gara horrenbeste ibiltzen. Dena dela, nik eskertzen dut, oso nekatua nagoenean, arraunaz kanpoko lagunekin geratzea, nahiz eta asko kostatzen zaidan beste espazio horiek bilatzea.
Traineru jaitsieretan ederki aritu zarete, baita trainerillen txapelketetan ere…
Gustura gaude taldea egiten ari den lanarekin. Irabaztearen dinamikan sartuta daramatzagu hainbat urte, horrek suposatzen duen presio puntuarekin. Horrek ez du esan nahi erlaxatzen ez garenik gauzak ondo doazela ikusita. Jarrera horrekin, ordea, galtzeko gehiago dugu irabazteko baino. Zorionez, talde tekniko zoragarria daukagu, belarritik tiratzeko, lurreratzeko eta lanean jarraitzeko. Orain, dinamika positibo batean gaude, sasoi puntu onean, baina gure helburua da denboraldiko tituluak erabakitzen diren momentu horietan egotea mailarik onenean.
Ligaren hasiera ere gero eta hurbilago dago. Ordea, Madrilen abiatuko duzue, ekaina bukaeran. Urrutiegi?
Tamalez, gure iritziak ez du balio, eta ez da aintzat hartzen guk arraunean non aritu nahi dugun. Guri esaten diguten lekura joango gara, eta estropada irabazten saiatuko gara, liderraren maillota janzteko. Liga hasteko tokia polita dela esan digute, eta, tira, horrekin konformatu beharko. Dena dela, ez du zentzu askorik liga han hasteak.
Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketak irabaztea duzue helburu?
Ez. Donostia Arraun Lagunak-en helburua ez da txapelketa horietan sasoi puntu onenean egotea. Txapelketa horiek entrenamendu gisa ikusten ditugu, nahiz eta irabazteko asmoarekin lehiatu. Era berean, txapelketek balio dute ikusteko beste taldeak nola dauden. Ez da sekretua, baina abuztuan gure trainerua solteago ikusten da, eta orduan nahi dugu eman mailarik onena.
Horrela ere, seguru liga Kantauri itsasoan erabakiko dela…
Itsasoak jartzen du bakoitza bere lekuan. Gainera, denboraldi honetan hamazazpi estropada izango ditugu ligan, Madrilgoa bat gehiago izango delako. Gauzak ondo egiten baditugu, badakigu abuztuaren bukaeran lorpen politak izan ditzakegula. Halere, azaroko lehen astean hasi ginen entrenamenduekin, eta ordutik lanean gabiltza aipaturiko lorpen horiek ospatu ahal izateko.
Duela gutxi jaso dituzue jantzi berriak, eta izar gehiago dituzte. Janzteko eta luzitzeko gogotsu?
Bai, noski. Iaz harritu gintuen jantziaren bizkarraldean hiruna izar eta Kontxako Bandera ikusteak. Batez ere, futbolean ohikoagoa delako. Jantzi berriak jasotzean ez nintzen kontziente, baina argazkiak ateratzean gogora etorri zitzaizkidan lorpen horiek guztiak. Bertigo pixka bat ere ematen du, oraindik ere ez garelako jabetzen talde honekin lortu dugunaz.
Arrauna bizi duzue, baina ez zarete arraunari esker bizi. Zein da zure bizibidea?
Aldaketa prozesu batean nago. Gizarte hezitzailea naiz, eta lau urte pasa eman nituen adin txikikoen zentro batean. Pasa den urtean, irakaskuntzako masterra egin nuen, eta ordezkapenak egiteko deien zain nago, hezkuntzan muturra sartu ahal izateko. Bitartean, catering batentzako lanean nabil filmaketa batean. Bizitzeko lan egin behar da, eta badakit ez naizela sekula arraunetik biziko.
«Tabernak ere gustatzen zaizkigu, eta kirolak sortzen dizkigun tentsio guztiak baretzeko lagungarriak dira»
Noiz arte ikusten duzu zeure burua tostartean?
2015etik geratzen den Donostia Arraun Lagunak-eko arraunlari bakarra naiz. Mundu guztia ikusi dut pasatzen trainerutik, eta batzuk oraindik nirekin jarraitzen dute. Etorkizunari dagokionez, aitortu behar dut ez dudala denbora askorako ikusten neure burua arraunean. 2011n hasi nintzen, oso gaztea nintzen, eta aurtengoa traineruko nire hamaikagarren denboraldia izango da. Noiz utzi eta nola utzi, buruan bueltaka dabilkit, eta argi daukat nik erabakita utzi nahi dudala arrauna. Momentuz, gozatzen eta tituluak irabazten jarraitu nahiko nuke.
Kontxako bost bandera irabazita, uzteko momentu ona izan daiteke?
Bat irabazita, ikaragarria da. Aldiz, bost zenbaki polita den arren, pareak diren zenbakiak nahiago ditut.
Itsasoko aparra ala garagardo on batena nahiago?
Garagardoa asko gustatzen zait, baina biak bateragarriak direla uste dut. Lagunek gogoraraziko didaten moduan, Sagueseko horman garagardoak edatea gustuko dut, beti ere, lagunartean.
Athleticen zalea zara. Dena dela, poztu al zinen Realak kopa irabazi zuenean?
Noski. Egia da Athleticen zale sutsua naizela, baina euskalduna ere banaiz, eta justizia moduko zerbait izan da Realarentzat kopa Atletico Madrili irabaztea. Batez ere, Aitor Zabaleta omentzeko. Bestalde, realzaleek horrelako final bat merezi zuten, elkarrekin ospatu ahal izateko. Gainera, nire ingurua oso realzalea da, eta oso pozgarria da 2024an Athleticek kopa irabaztean sentitu nuen hori bera haiek ere sentitzea. Lagunekin ikusi nuen finala, eta beraiekin ospatu nuen.
24. Korrika ere aipatu behar, kilometro asko egin zenituelako. Zenbat?
Bi egunetan parte hartu nuen, eta, guztira, 32 kilometro inguru egingo nituen [barrez]. Donostian barrena ibili aurretik, gauez beste herri batean ibili nintzen korrika. Izan ere, asko bizitzen eta gozatzen dut. Euskal Herriak duen gizarte mugimenduko egitasmo politenetako bat da, tamalez, bi urtetik behin dena.


