Donostian izandako azken hilketa matxista saiakera salatu du udalak
Donostiako Udaleko udal talde guztietako ordezkariak elkarretaratu dira Alderdi Ederren.Donostiako Udala Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen joan den ostiralean Donostian, bikotekidea hiltzen saiatzeagatik. Hilketa matxista saiakera horren aurrean, Donostiako Udaleko bost udal taldeek erakunde adierazpen onartu dute, gertatutakoa “gaitzesteko” eta biktimari “elkartasuna” adierazteko. “Biktimak behar dituen informazioa eta udal baliabideak jarriko ditu udalak, haren osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko”, gaineratu dute.Elkarretaratzea egin dute zinegotziek Alderdi Ederren eguerdian, eta udalak bat egingo du “hirian egiten diren gaitzespen deialdiekin”.
“Horrelako erasoak gure gizartean oraindik ere badagoen indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenak dira. Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela gizarte eragileekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak desagerrarazteko”, nabarmendu dute adierazpenean.
Era berean, udalak, “bere eskumenen barruan”, neurriak bultzatzen jarraitzeko “konpromisoa” hartu du, “biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin”.


