Pertsona bat zauritu da bart Herrerako pabiloietan izandako sutean
Herrerako Zardoya eremuko artxiboko irudia.Inaxio Esnaola Sute bat piztu da bart Herrerako Zardoya-Otis eremuko pabiloietan, eta Donostiako Udaltzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da. Udalak azaldu duenez, sutea logeletako batean hasi da, eta suhiltzaileek kontrolatu ahal izan dute. Lehen ikerketen arabera, ordea, “badirudi sutea eraginda izan dela”, azaldu dute udaleko iturriek.
Sutearen eta sortutako kearen eraginez, pertsona bat zauritua izan da eta Donostia Ospitalera eraman dute. Beste hiru pertsona ere artatu behar izan dituzte, kea arnasteagatik. Udaltzainek hainbat atxiloketa egin dituzte, baita zenbait lekukoren informazioa jaso ere, deklarazioa hartuta. Udalaren arabera, Udaltzaingoak ez du baztertzen “atxiloketa gehiago egitea”.
Pabiloien egoera
Gogoratu behar da iragan industrialeko eremu horretako egoera txarra dela aspalditik, oso degradatuta baitago. Bestalde, kale egoeran dauden hamarnaka pertsona bizi dira bertan, oso modu zaurgarrian; 31 pertsona kaleratu zituzten urtarrilean. Eremuan esku hartu dezala eskatu zion Ekialdeko Barrutiak udalari otsailean, bertan bizi diren pertsonen egoera hobetzeko. Era berean, berriki, gunea berehala garbitzeko agindua eman dio udalak jabetzari. Pabiloiak bota eta 400 bat etxebizitza eraiki nahi ditu bertan udalak, herritar asko proiektuarekin ados ez badaude ere.


