Reala Txapeldunen Ligan ariko da
Txuri-urdinek matematikoki ziurtatu dute hirugarren postua. Bera Bera ligako finalerdietara sailkatu da, eta ostiraletik aurrera Espainiako Kopa izango du jokoan.
Realeko neskek lorpena ospatzen, Deportivoren zelaian.Reala Europan partaidetza bikoitza izango du Realak. Izan ere, nesken taldeak Txapeldunen Liga jokatuko du datorren sasoian, bigarrenez —2022-2023ko denboraldian aritu ziren estreinakoz—. Txuri-urdinek Deportivo hartu zuten atzo mendean (1-2), eta sailkapeneko ohorezko postua ziurtatu dute. Cecilia Marcos donostiarraren gola erabakigarria izan zen, markagailua iraultzeko balio izan zuelako. Bestalde, aipatzekoa da Nerea Eizagirre kapitainak historia egin duela 283 partida jokatuta Realarekin. Partaidetza gehien dituen bigarren jokalaria da, Aintzane Encinasen atzetik. Ligari dagokionez, hiru jardunaldi faltan lortu dute helburua, eta oraindik sailkapeneko bigarren postua eskura dute, Real Madril hiru puntura baitago.
Realeko mutilek, berriz, gaur jokatuko dute Sanchez Pizjuan zelaian (21:00), eta jardunaldiko azken partida izango da. Beste emaitzak ikusita, galduz gero, Txapeldunen Ligara sailkatzeko aukerak nabarmen gutxituko dira. Dena dela, gogoratu behar da Europa Liga ziurtatua dutela txuri-urdinek, Espainiako Kopa irabazi zutelako.
Eskubaloian, Bera Berak ligako titulua eskuratzeko etxeko lanak bete ditu asteburuan. Bi goleko abantaila zuen final-laurdenetan, eta itzulerako neurketan ere Errioxa baino hobeak izan ziren (24-20). Finalerdietan Porriño galiziarren aurka ariko dira. Dena dela, dagoeneko Illunben jokatuko den Espainiako Kopako azken faseari begira jarrita daude. Izan ere, ostiraletik igandera bitarte izango da, eta kopa etxean altxatzea dute helburu. Final-laurdenetan Valladolid gainditu beharko dute, ostiralean, 20:30etik aurrera.
Belar hockeyan, Realak ez zuen zorterik onena izan Egara talde indartsuaren kontra. Norgehiagoka parekatua izan bazen ere, txuri-urdinek amore eman behar izan zuten (0-2).
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek sailkapenean koxka bat egin du gora, Gaskan Menorca gainditu ostean (84-66). Neurketa ona jokatu zuten Sergio Garciaren mutilek, eta ACBra igotzeko kanporaketetarako sasoi onean iritsiko dira.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 27. jardunaldia
- Deportivo 1 – Reala 2
Gizonezkoen lehen maila, 34. jardunaldia
- Sevilla – Reala (gaur, astelehena, 21:00)
Eskubaloia
Ligako titulurako final-laurdenak (itzulerakoa)
- Bera Bera 24 – Errioxa 20
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Reala 0 – Egara 2
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 33. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket 84 – Menorca 66


