Loiolako Erriberako 83 apartamentuen obra 17,6 milioi euroan lizitatu dute
Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du lanak urte honen bukaeran hastea, eta 24 hilabeteko iraupena izango dute.
Loiolako Erriberako 83 apartamenduetako baten barruko simulazioa.Irekia Belaunaldiarteko 83 zuzkidura etxebizitza eraikiko dituzte Loiolako Erriberako Beroitz kalean. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaur goizean onartu du obren lizitazioa, eta 17.673.073,46 eurokoa (BEZa barne) da aurrekontua. Aurreikusi moduan, lanak urtearen bukaeran hasiko dituzte eta 24 hilabeteko iraupena izango dute.
Gazteentzako eta adinekoentzako apartamenduak txandakako alokairura bideratuko dira osorik, eta kontratuek bost urteko iraupena izango dute. Sustapenak logela bakarreko 55 bizitoki izango ditu, hots, guztizkoaren %66,27, eta nagusiki gazteentzat edo beren jabetzako etxebizitza Bizigune programan jartzen duten 70 urtetik gorako pertsona autonomoentzat izango dira. Horiez gain, bi logelako 24 bizitoki (%28,92) eta bi logelako lau etxebizitza egokitu (%4,82) egongo dira, irisgarritasun unibertsala bermatzera bideratuak.
Azalerari dagokionez, eraikinak 7.529,52 metro koadroko azalera eraikia izango du, oso-osorik sestra gainean, eta bizitokietarako lau mila metro koadroko azalera erabilgarria.
Proiektuaren idazketa, obra zuzendaritza eta egikaritze zuzendaritza Leira Mestre Roig Martinez aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu diote, jarduketaren garapen teknikoaren fase guztiak hartzen dituen zerbitzu kontratu integral baten esparruan.
Erakundeen arteko hitzarmena
Loiolako Erriberako garapena Donostiako Udalak eta Etxebizitza Sailak sinaturiko lankidetza hitzarmenaren esparruan kokatzen da. Hitzarmen horren helburua zuzkidura apartamentuen sustapena bultzatzea da, Morlansen (160-180) eta Loiolako Erriberan (283). Jarduketa horren bidez, bi erakundeek aurrera egingo dute alokairuko etxebizitzen parke publikoa handitzeko eta dagoen eskariari, bereziki gazteenari, erantzuteko duten helburua lortzeko bidean.
Etxebizitza Sailak nabarmendu duenez, Gipuzkoako hiriburuan alokairuko etxebizitza publikoen arloko estrategia bat finkatuko du Loiolako Erriberako garapenak. Izan ere, Jaurlaritzak 5.000 etxebizitza berri baino gehiago eraikiko ditu Donostiako esparru hauetan, besteak beste: Loiolako Lorategi Hiria —babes ofizialeko 98 etxebizitzen lanak ekainean hasiko dira—, Txomiñenea II, Easo-Amarako Trenbide Zabaltza, Eliseo Zelaiak-Martutene, Morlans, Auditz Akular eta Loiolako Kuartelak.


