«Udalaren utzikeria» salatuko dute Herrerako bizilagunek
Herrerako Zardoya eremua.Joseba Parron San Sebastian Herrerako bizilagun elkarteak elkarretaratzea egingo du maiatzaren 7an, Topo geltokiaren ondoan, 19:00etan. Auzo elkartearen ustez “arrazoiak garbi” daude: “Renfeko igogailuak egoera berberean jarraitzen du, Zardoya inguruko zaborra bertan ere eta jakin dugu Miradoreko Komun automatikoak funtzionatu gabe daramala hilabete dezente”.
“Utzikeria eta bazterketa” honen aurrean, Donostiako Udalari eta Jon Insausti alkateari aurpegiratu diote hitzak eman bai, baina promesak ez dituela betetzen. Haserre galdetu dute “noiz” eta “nola” egingo duen alkateak agindutakoa.
Hain zuzen, joan den astean, sutea izan zen Herrerako Zardoya-Otis eremuko pabiloietan. Udalak azaldu zuenez, sutea logeletako batean hasi da, eta suhiltzaileek kontrolatu ahal izan zuten. Lehen ikerketen arabera, ordea, “badirudi sutea eraginda izan dela”, azaldu dute udaleko iturriek.
Pabiloien egoera
Gogoratu behar da iragan industrialeko eremu horretako egoera txarra dela aspalditik, oso degradatuta baitago. Bestalde, kale egoeran dauden hamarnaka pertsona bizi dira bertan, oso modu zaurgarrian; 31 pertsona kaleratu zituzten urtarrilean. Eremuan esku hartu dezala eskatu zion Ekialdeko Barrutiak udalari otsailean, bertan bizi diren pertsonen egoera hobetzeko. Era berean, berriki, gunea berehala garbitzeko agindua eman dio udalak jabetzari. Pabiloiak bota eta 400 bat etxebizitza eraiki nahi ditu bertan udalak, herritar asko proiektuarekin ados ez badaude ere.


