Asteburuan Donostian egiteko hiru plan proposamen
Txotxongillo antzerki taldearen txotxongiloak. Zer plan asteburu honetarako? Gure agendan askotariko kultur eta aisialdi proposamenak aurkituko dituzue, eta, gainera, ez ahaztu Bidebietako Txanpontxo jaiak ospatuko dituztela asteburu honetan; hemen daukazue egitaraua. Horrez gain, egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizuegu jarraian.
Ostiralean (hilak 8), Loiola Kultur Etxera joatea proposatzen dizuegu, izan ere, Txotxongillo Taldeak Erreka Mari ikuskizuna eskainiko du, 18:00etan. Enkarni Genuak eta Manolo Gomezek osatzen dute Txotxongillo Taldea, eta eszenatokiei agur esango diete ostiralean, 50 urtetik gorako ibilbidearen ondoren. Joan ahal izateko, gonbidapena eskatu behar da kultur etxean bertan, 17:00etatik aurrera. Hain zuzen ere, taldeari buruzko 55 urteko istorioak txotxongiloekin erakusketa ikus daiteke maiatzaren 8tik aurrera kultur etxean.
Larunbatean (hila 9), goiza Ategorrietan barrena pasatzea proposatzen dizuegu. Hain justu, Ategorrietan antolatu dute aurtengo Janen ibilaldia. 10:00etan Ategorrietako erlojutik abiatuko dira, eta gune hauetan egingo dituzte geldialdiak: Basque Culinary Centerren (11:00), Altunaenean (11:45), bolatokian (12:30), Uliako mintegietan (13:00) eta Arzak jatetxean (14:00). Edonork hartu dezake parte, izena eman gabe.
Igandean (hilak 10), euskal antzerki bat gomendatuko dizuegu: Margolari. Manex Astigarragak bere antzezlana eskainiko du Kafe Botanikan, 19:00etan, Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren barruan, doan.
Bonus track. Astean zeharrerako plan bat ere proposatuko dizuegu, astelehenerako: Iker Lauroba musikariarekin egingo dute oraingoan Lagunekin Kantari egitasmoa, Intxaurrondo Kultur Etxean, 19:30ean. Sarrera doakoa izango da.


