Donostian egin dute Itzuliaren aurkezpen ofiziala
Gipuzkoako hiriburuan erabakiko da lasterketa, hirugarren eta azken etaparekin. Parte hartuko duten ziklisten behin-behineko zerrenda jakinarazi dute.
Emakumezkoen Itzuliaren aurkezpena, udaletxean.Itzulia Maiatzaren 15etik 17ra bitartean jokatuko da emakumezkoen Euskal Herriko Itzulia. Zarautzen hasi eta Donostian bukatuko da, hiru etapa lehiatu ondoren. Guztira, 373,4 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek. Gaur goizean egin dute Itzuliaren aurkezpen ofiziala, Donostiako Udaletxean. Besteak beste, Jon Insausti alkateak, Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak eta Javier Riaño OCETA elkarte antolatzailearen presidenteak hitz egin dute.
“Donostiarrontzat ohorea da horrelako lasterketa gure hirian amaitzea, emakumeek txirrindularitzaren munduan daukaten zeregin sendotuaren adierazgarri delako. Oraindik ere, gure hiria berdintasunaren arloko liderra eta erreferentea da gizarte mailan nahiz kirolaren arlo zehatzean, goi mailako taldeak eta kirolariak dituelako emakumeen kategorietako hainbat diziplinatan”, adierazi du Insaustik.
Donostia emakumezkoen kirolean “liderra” dela nabarmendu du Gabarainek, “kirolariei zein taldeei ematen dizkiegun babesari, bultzadari eta agerikotasunari esker, baita Itzulia gisako proba garrantzitsuei esker”.
Emakumezkoen bosgarren Itzulia izango da aurtengoa, eta Riaño “oso pozik” agertu da lasterketa “sendotzen jarraitzen” dutelako: “Gaur egun, nazioarteko txirrindularitzako lasterketa onenetakoa da, babesa ematen dioten lagun, enpresa, instituzio eta zale guztiei esker”.
Ibilbidea
Iazko Itzuliarekin alderatuta, gogorragoa izango da, mendate gehiago igo beharko dituztelako —hamalau, orotara—. Zarautzen hasi eta bukatuko da lehen etapa (121,2 kilometro). Abadiñoren eta Amorebieta-Etxanoren artean jokatuko da bigarrena (138 kilometro).
Erabakigarriena izango da hirugarrena, Donostian hasi eta bukatuko dena. Donostiako Klasikoaren ibilbide bera izango du: 113,1 kilometroko distantzia eta 1.729 metroko desnibela. Hiru mendate puntuagarri izango ditu: bat lehen kategoriakoa, beste bat bigarren kategoriakoa, eta hirugarrena hirugarren kategoriakoa.
Behin-behineko partaidetza
Hemeretzi taldek parte hartuko dute Itzulian; hamahiru UCI Women’s WorldTeam lehen kategoriakoak izango dira, eta beste seiak UCI UCI Women’s ProTeam kategoriakoak. Hauek dira taldeak: AG Insurance Soudal Team, Canyon-SRAM Zondacrypto, Cofidis Women Team, EF Education Oatly, FDJ United-Suez, Fenix-Premier Tech, Hitec Products-Fluid Control, Human Powered Health, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa, Lidl-Trek, Liv-AlUla-Jayco, Ma Petite Entreprise, Movistar Team, St Michel – Preference Home – Auber93, Team Picnic PostNL, Team SD Worx-Protime, UAE Team ADQ, Uno-X Mobility eta Vini Fantini – BePink.
Txirrindulariei dagokienez, parte hartuko duten behin-behineko ziklisten zerrenda jakinarazi dute. Printzipioz, Demi Vollering iazko txapeldunak ez du parte hartuko. Horrela ere, tropelean zeresana ematen duten beste hainbat txirrindulari ageri dira: Juliette Berthet eta Evita Muzic (FDJ United-Suez), Ashleigh Moolman Pasio, Justine Ghekiere eta Letizia Borghesi (AG Insurance Soudal Team), Antonia Niedermaier (Canyon-SRAM Zondacrypto), Shirin Van Anrooij (Lidl-Trek), Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa), Liane Lippert (Movistar Team), Mischa Bredewold (Team SD Worx-Protime) —iazko bigarren sailkatua—, Karlijn Swinkels eta Dominika Wlodarczyk (UAE Team ADQ), Yara Kastelijn (Fenix-Premier Tech), Pfeiffer Georgi (Team Picnic PostNL), Magdeleine Vallieres Mill (EF Education Oatly) —munduko txapelduna—, eta Katrine Aalerud (Uno-X Mobility).


