Bera Berak etxean altxatu nahi du hamargarren kopa
Eskubaloi taldeak Valladolid izango du gaur arerio, final-laurdenetan. Realeko neskak eta mutilak Donostian ariko dira, eta Gipuzkoa Basketek fase erregularreko azken partida jokatuko du.
Espainiako Kopa jokatuko duten talde guztien kapitainak, Illunben.Bera Bera Illunbe prest dago emakumezkoen eskubaloiari merezi dion lekua eskaintzeko. Espainiako Kopa jokatuko da gaur arratsaldetik igandera bitartean, eta Bera Berak zenbakia borobildu nahi du. Izan ere, hamargarren kopa irabazteko aukera dute donostiarrek. Horretarako, lehendabizi, Valladolid gainditu beharko dute gaur final-laurdenetako partidan (20:30). Irabaziz gero, Elda edo Errioxa izango dute arerio finalerdietan. Lehian izango diren beste taldeak Kanaria Handia, Granollers, Beti Onak eta Atletico Guardes dira. Bestalde, hirugarren aldiz erabakiko da kopa Donostian, 2022an eta 2024an gertatu moduan. Bera Berak soilik duela bi urte lortu zuen kopa etxean irabaztea, eta bigarrenez lortzen ahaleginduko dira.
Futbolean, Realeko neskek Granada hartuko dute Zubietan (bihar, 12:00etan), Txapeldunen Liga jokatzeko sailkatu ostean. Beraz, lorturikoa zaleekin konpartitzeko aukera izango dute, eta oraindik bete dezaketen beste helburu bat betetzeko urratsa egin dezakete. Beti ere, partida irabazten badute. Real Madril bigarren sailkatua hiru puntura dago, eta oraindik aukera dute liga borobiltzeko. Realeko mutilek, berriz, neurketa garrantzitsua jokatuko dute bihar, Anoetan (21:00). Betis izango dute aurrez aurre, Europako ohorezko postuetan dagoen taldea. Andaluziarrak mendean hartuz gero, txuri-urdinek matematikoki ziurtatuko dute maila, eta oraindik aukerarik bat izango dute Txapeldunen Ligara sailkatzeko. Izan ere, hiru neurketa falta dira liga bukatzeko.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek fase erregularreko azken partida jokatuko du gaur Obradoiroren pistan (21:00). Irabaziz gero, bosgarren postuan bukatuko dute liga, eta garrantzitsua izango da ACB ligara igotzeko kanporaketei begira.
Belar hockeyan, Realeko neskek Sardineroren zelaian jokatuko dute bihar, 16:00etan. Garaipen premian dira, eta sailkapenean atzetik dituzten kantabriarrak mendean hartzea dute helburu.
PARTIDAK
Eskubaloia
Espainiako Kopa, final-laurdenak
- Bera Bera – Valladolid (gaur, ostirala, 20:30)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 28. jardunaldia
- Reala – Granada (bihar, larunbata, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 35. jardunaldia
- Reala – Betis (bihar, larunbata, 21:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 34. jardunaldia
- Obradoiro – Gipuzkoa Basket (gaur, ostirala, 21:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 19. jardunaldia
- Sardinero – Reala (bihar, larunbata, 16:00)


