Morlansko jaiak: harri-orri-ar txapelketa eta Bad Bunnyren Superbowla!
Maiatzaren 15etik 17ra bitarteko asteburuan, Morlansek bere jai propioak ospatuko ditu. Faroltxoaren jaitsierarekin eta jada klasiko bihurtu diren jarduerekin, baina baita berritasunekin ere.
Iazko bazkariko gaia konklabea izan zen; aurtengoa, Bad Bunnyren Super Bowla.Morlansko Jaiak Ez dira hiriko jairik handienak, baina jada hamahiru urtetik gora, Morlansko jaiak auzoko erreferentzia puntua dira, inolako zalantzarik gabe. Faroltxoa piztearekin batera abiatuko dira datorren ostiralean, hilak 15. Egitarau guztia hemen ikusgai duzue. Auzoaren historiari keinu bat egin nahian Morlansko bizilagunek asmatu eta urtez urte errepikatu duten ohitura da.
Auzoko gas fabrikaren garaiko kale-argietan du bere oinarria. Bizilagunek hala eskatuta, udalak auzoko faroltxo historikoen antza duten kale-argiak mantendu zituen Morlansen, hiriko beste auzoetan ez bezala. Hori dela eta, auzo elkarteak ikur gisa hartu zuen faroltxoa, eta festetako sinbolo modura erabiltzea erabaki zuten.
Ostiralean, beraz, 18:15ean piztuko dute faroltxoa, eta, ostean, Jon Urbieta DJ-arekin hasiko da festa, Asier Aguilar jai batzordeko kideak azaldu duenez. «Iaz giro bikaina jarri zuen DJ-ak, eta, aurten, haurrentzat ez ezik helduentzat ere arituko da gauean».
Larunbatean, berritasunak
Larunbatean hainbat izango dira berritasunak. Jai xumeak izanik, urtero funtzionatzen duten jarduerak mantentzea erabaki dute jai batzordekoek, baina berritasun batzuekin. Horietako bat «erokeria» bat da Aguilarren ustez. Originala gutxienez, bai: harri-orri-ar txapelketa egingo dute eta jaietan. Larunbat eguerdian eman beharko da izena, eta kategoria bakarra izango da: haurrak, gazteak eta helduak elkarren kontra. Kanporaketa bidez izango da eta, final handia, arratsaldeko seietan, plazan.
Bazkariak ere emango du zer esana. Urtero gai berezi bat izaten da mozorrotzeko. Bada, aurtengoa, mundu mailan zer esana eman duen gai batekin izango da: Bad Bunnyren Super Bowla! Jai Batzordeak prestatuko ditu dekorazioaren zati batzuk, baina Morlansko bizilagunen sormenera irekita geratuko da gainontzekoa. Horren ondoren, inguruko auzoetatik etorriko dira olinpiadak jokatzera, eta, eguna amaitzeko Eremu taldearen eta Sutargi erromeriaren kontzertuak izango dira.
Aguilarren ustez, oso «herrikoiak» dira Morlansko jaiak: «Urtero luzatzen diegu auzotarrei parte hartzea eta denon artean antolatzen saiatzen gara». «Ez da egitarau handia, baina auzokideei eta donostiarrei luzatzen diegu hona hurbiltzeko gonbidapena», dio umoretsu.


