Transatlantikoez
Transatlantiko komertzial bat, Donostiatik ikusita. Joseba Parron Itsasoaren beste aldean Londres dago! Halaxe esan zigun, Zurriola hondartzan botata, institutu garaian, tarteka, piper egiten genuen taldeko lagun batek. Belarra erretzen zuen erruz, goiz-goizetik, gure lagunak, eta bere gogoetak irrigarri geratzen ziren, maiz, gainontzekoon belarrietan. Harrigarria zitzaidan orduan, eta are harrigarriagoa gaur egun, goizeko lehenengo orduan porru zital bat erretzeko gaitasun hura.
Urteek aurrera egin dute erruz, eta garaiko ia dena aldatu da. Ia dena, esan nahi dut, azalekoa dena. Gatazkak lekuz aldatu direla eta gorbata desberdinak dituztela agintariek. Denden jabeak beste nonbait daudela eta modako produktuak gero eta zainduagoak daudela. Akaso, goizetan izango dira porrutzarrak pipatzen dituzten gazteak, baina gehienak orain dabiltza crosffit-ean salto eta jauzi edo halakoren batean, gluteo eta bizeps.
Auzia da, dena aldatu dela azalean, baina funtsean, mendebaldea gero eta igualagoa dela, berdin turista eta argazki bilduma eta zapalkuntzetan. Nork esango dio gure lagunari, ezetz; orain, Londres itsasoaren alde honetan dagoela!


