Hamargarren koparekin topa egin du Bera Berak
Valladolid final-laurdenetan, Elda finalerdietan eta Atletico Guardes finalean gainditu behar izan dituzte garaikurra Illunbeko zaleei eskaintzeko.
Bera Berako jokalariak, teknikariak eta agintariak garaipena ospatzen, Illunben.Bera Bera Hemeretzigarren finala eta hamargarren titulua. Bera Bera eskubaloi taldeak zenbakia borobildu du Espainiako Kopan, eta laugarrena jarraian irabazi du —tartean, Illunbeko biak, 2024koa eta gaurkoa—. Hautagai nagusiak izan arren, neurketa zailak jokatu behar izan dituzte kopa altxatzeko. Batez ere, Eldaren kontra atzo jokaturiko finalerdi estua (25-23), eta Atletico Guardesen aurkako gaurko finala (26-21). Herenegun, berriz, Valladolid hartu zuten mendean, final-laurdenetan (32-26).
Kanporaketak gainditu ahala, zale gehiago batu dira egunez egun Illunben, Bera Berari babesa adierazteko: hamar mila lagun inguru, hiru egunak aintzat hartuta. Gainera, ikus-entzuleen errekorra ezarri dute gaur, 4.872 eskubaloi zale izan direlako Illunben donostiarren garaipena ikusi dutenak.
Atletico Guardesen kontrako finalari dagokionez, Donostiako taldeak hainbat goleko abantaila lortu du lehen zatian eta bigarrenean, baina galiziarrek markagailua estutzea lortu dute. Atsedenaldira lau goleko aldearekin iritsi da Bera Bera (11-4), baina bi golera jarri da Atletico Guardes (18-16). Dena dela, bigarren zatiko bigarren laurdenean, donostiarrek bost goleko tartea lortu dute, eta ederki baliatu dute kopa irabazteko. Lucia Prades atezainaren geldiketak, eta Carmen Arroyoren eta Elba Alvarezen golak erabakigarriak izan dira.
Hamargarren kopa eskuratuta, orain, hamargarren liga izango du jokoan Bera Berak.


