Munduko Futbol Txapelketa Donostian jokatzearen «ondorio onak eta txarrak» analizatu behar direla dio Insaustik
"Argazki osoa" edukitzean erabakiko dute "aurrera egin edo ez", alkatearen arabera. Bere gobernukide Ane Oiarbide sozialistak "irmotasun handiagoa" eskatu dio hiria Munduko Futbol Txapelketaren egoitza izatearen inguruan. Hiriko hainbat elkartek FIFAri eskatu zioten ez zezala aukeratu Donostia egoitza gisa.
Anoeta estadioa 2030eko Munduko Futbol Txapelketako zelaietako bat izango da, aldaketarik ezean.Reala Jakina denez, aukera dago Donostia izateko 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren egoitzetako bat, eta horren inguruan hitz egin du astearte honetan Jon Insausti alkateak, kazetariek galdetuta. Nabarmendu du udala “analizatzen” ari dela Donostia izan daitekeen txapelketa horren egoitzetako bat: “Hiri honek gogoa adierazi zuen txapelketa horretako egoitzetako bat izan zitekeen analizatzeko. Eta hori da hilabeteotan egiten ari garena”.
“Ez da edozein txapelketa”, gaineratu du alkateak: “Seriotasuna, zorroztasuna eta gardentasuna behar ditu honek, behintzat nire aldetik. Tamaina handiko jarduera bat da, ondorio asko izan ditzakeena, onak eta txarrak. Analizatzen dugunean Donostia izan daitekeen Munduko Futbol Txapelketaren egoitza, behar dugun lehenengo gauza eztabaida lasai bat da, ñabardura asko dituen eztabaida delako”.
Udala ez ezik, FIFA ere azterketa hori egiten ari dela gogorarazi du alkateak: “Bi aldeak ari gara hori analizatzen: udala eta FIFA. Izan ere, FIFAk ez dauka argi, azterketa bat egiten ari dira gure inguruan, eta gu ere geure burua aztertzen ari gara. Ekitaldi oso handi bat da, eta, horregatik, zuhurtziaz jokatzea dagokit. Argazki osoa dugunean, erabakiko dugu aurrera jarraitzen dugun edo ez; edo agian, FIFAk erabakiko du”.
Eragina, arlo askotan
Insaustik argi du hiriak “ahalmena” duela halako egitasmo bat antolatzeko: “Urtero antolatzen dugu hemen nazioarteko zinema jaialdi bat, Behobia-Donostia lasterketa, Jazzaldia, Donosti Cup txapelketa, 150.000 pertsona mobilizatu zituen Realaren harrera antolatu genuen oso denbora gutxian… antolaketa ahalmena eta ahalmen logistikoa badugu”. Aldiz, nabarmendu du ahalmen logistikotik harago aztertu behar dela Munduko Futbol Txapelketaren egoitzetako bat izateko aukera: “Hainbat lantalde sortzen ari gara, aztertzeko zer ondorio eduki ditzakeen, hainbat esparrutan: ekonomikoki, fiskalki, legalki, mugikortasunean eta abar. Niri gustatuko litzaidake honek guztiak hiriari eragiten dionaren argazki osoa edukitzea, ondoren aztertzeko ea gai garen erantzuteko FIFAk jarri dizkigun betebehar guztiei”.
Hain zuzen ere, dagoeneko bi dokumentu aurkeztu dizkio udalak FIFA erakundeari, alkateak esan duenez: “Gobernantzari dagokiona eta legala, txapelketa Donostian jokatzeak eragin handia duelako maila administratibo guztietan, Espainiako Estatutik Donostiako Udalera. Eta hirugarren dokumentu bat lantzen ari gara orain, ekonomikoa, hilabete bukaeran entregatu behar duguna”.
PSE-EE, “irmotasun” eske
Alkatearen adierazpenen aurrean, bere gobernukide PSE-EE alderdiko bozeramaile Ane Oiarbide “erabat ziur” agertu da Donostiak 2030eko Munduko Futbol Txapelketaren egoitzetako bat izateko duen “gaitasunaz eta kaudimenaz”, eta Insaustiri eskatu dio ez dezala “zalantzarako eta espekulaziorako tarterik utzi”.
“Donostia egoitza gisa aukeratzea kirol mugarri eta aukera handia da, eta ezin dugu ihes egiten utzi”, gaineratu du Oiarbidek: “Lan handiko urteen emaitza izan da, eta orain, inoiz baino gehiago, indartu egin behar da urte honen amaieran behin betiko izendapen hori lortzeko”. Ildo beretik, “ez dugu ulertzen alkateak jarrera zorrotzagoa ez izatea”, deitoratu du: “Orain arte gai horri buruz zegoen adostasun instituzional eta politikoa hausten du. Horrelako hiri batean argitasuna, anbizioa eta gure gaitasunetan konfiantza behar dugu”.
Insausti jeltzalearen alderdikide Eneko Goia alkate ohiak behin baino gehiagotan adierazitako posizionamenduarekin antz handiagoa du Oiarbiderenak. Izan ere, besteak beste, Goiak adierazi zuen “ezezkoaren klubaren beste agerraldi bat” zela Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataformak eta hiriko sei auzo elkartek FIFAri bidalitako gutuna, Donostia egoitza gisa ez izendatzea eskatzen zuena.



