'Haizearen orrazia', Luis Peña Gantxegi eta haren mendeurrena
Euskadiko Arkitektura Institutuak 'Plaza del tenis, Haizearen orraziaren ataria' erakusketa aurkeztu du.
Erakusketa irailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da, Euskadiko Arkitektura Institutuaren egoitzan.Mikel Blasco Luis Peña Gantxegiren (Oñati, 1926 – Donostia, 2009) jaiotzaren mendeurrena ospatzeko programaren jarduera nagusia aurkeztu dute gaur goizean, Euskadiko Arkitektura Institutuaren Parte Zaharreko egoitzan. Hain zuzen ere, Peña Gantxegi Artxiboaren Plaza del tenis, Haizearen orraziaren ataria erakusketa aurkeztu dute. Bihartik aurrera bisitatu ahal izango da, eta irailaren 27ra arte egongo da ikusgai.
Urtea apropos aukeratu dute, mende erdia bete delako Teniseko plaza eraiki zenetik, eta duela gutxi bukatu dute bere birgaitze prozesua. “Gaur erakusketa bat baino askoz gehiago aurkezten dugu. Donostiaren eta Euskadiren memoria kolektiboaren parte den espazio bati begi berriekin begiratzeko aukera aurkezten dugu. Izan ere, Teniseko plaza eta Haizearen orraziaren multzoa ez dira soilik leku fisiko bat edo nazioartean ezaguna den postal bat. Arkitekturaren, paisaiaren, hiriaren eta kulturaren arteko harremana ulertzeko modu bat dira”, adierazi du aurkezpenean Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak.
Bestalde, Rocio Peñak, arkitektoaren alabak eta Peña Gantxegi Artxiboko zuzendariak, azaldu du zergatik aukeratu den Teniseko plaza ospakizunaren eta erakusketaren ardatz gisa: “Jaiotzaren efemeride hau eta nire aitaren obra nabarmenenaren berreskuratzea bat etortzea zorioneko kasualitatea izan da. Teniseko plaza ez da soilik haren obrarik garrantzitsuena; aurreko eta ondorengo ekoizpenaren alderdi adierazgarrienetako gehienak biltzen ditu. Saihestezina zen mendeurrenaren eta gaur aurkezten dugun erakusketaren erdigunean egotea”.
Erakusketak Donostiako gune ikoniko honen osagai arkitektonikoan jartzen du arreta: Teniseko plaza, Peña Gantxegik Eduardo Txillidaren Haizearen orrazia XV eskultura multzoaren atari gisa sortutako espazio publikoan. Obraren gakoak publikoari hurbiltzeko, bertan bat egiten duten istorio ezberdinak jorratzen ditu erakusketak: arkitektoaren bizitza eta ibilbide profesionala, 1926ko jaiotzatik 1976ko obraren gauzatzera arte; eta haren esku hartzea hartu zuen eremua eratu zuten gertakariak, itsasoari irabazitako gune haren sorreratik Txillidaren proiektu eskultorikoaren bilakaerara arte, azken hau gabe plaza ez litzatekeelako existituko.
Hiru dimentsio
Erakusketak Teniseko plazan elkartzen diren hiru dimentsioen ibilbide kronologikoa eskaintzen du: arkitektonikoa, naturala eta eskultorikoa. Santa Teresa komentuko klaustro zaharraren inguruan, obraren testuingurua definitzen duten gertakariei buruzko dokumentazioa aurkituko du bisitariak, Peña Gantxegiren bizitza eta ibilbide profesionala irudikatzen duten testigantza grafikoekin batera.
Sarrera horren ondoren, egindako obran zentratzen da erakusketa, jatorrizko dokumentazioan oinarrituta, eta amaieran berriki egindako birgaitze lanaren azalpena eskaintzen da, epilogo gisa. Kontakizuna zortzi etapatan egituratuta dago: gunearen jatorrietatik eta arkitektoaren jaiotzatik hasi (1926) eta 2026an amaitutako birgaitzera arte.



