ACB ligara igotzeko bidea hasiko du Gipuzkoa Basketek
Etxean jokatuko dute asteburuan Gipuzkoa Basketek eta Realeko mutilek; etxetik kanpo, aldiz, Bera Berak eta belar hockeyko Realeko neskek.
Gipuzkoa Basketeko jokalariak eta maskota, artxiboko irudi batean.Gipuzkoa Basket Liga erregularra bosgarren postuan amaituta, lehen mailara igotzeko kanporaketan parte hartuko du Gipuzkoa Basketek, eta gaur (hilak 15), abiatuko du horretarako bidea. Hain zuzen ere, asteburu honetan jokatuko dituzte donostiarrek kanporaketako lehenengo bi partidak, gaur eta etzi, etxean, Oviedoren aurka —seigarren postuan bukatu zuen liga erregularra—. Bost partidetara jokatzen da kanporaketa hori eta hiru irabazi behar dira aurrera egiteko. Ibaeta Basketek, aldiz, dagoeneko ez du partidarik jokatu behar.
Eskubaloian, kopa irabazita, ligaren bila doa orain Bera Bera. Hain justu, horretarako finalerdietako joaneko neurketa jokatuko dute donostiarrek igande honetan, Porriñoren etxean. Denboraldia borobiltzeko, bi garaikurrak Donostiara ekarri nahi dituzte.
Futbolean, Realeko neskek ez dute partidarik jokatuko asteburu honetan, baina mutilek, aldiz, bai. Denboraldia itxita daukate dagoeneko, ez dute ezer jokoan, baina etxeko azken partida izanik, irudi ona eman nahiko dute Matarazzoren mutilek. Valentziarekin neurtuko dira, igandean, 19:00etan.
Azkenik, belar hockeyan, Realeko neskek ez dute ezer jokoan, denboraldiko azken bi partidak irabazi eta itxura ematea baino ez. Horrela, Poloren etxean garaipena eskuratzea dute helburu iganderako.
PARTIDAK
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, lehen mailara igotzeko kanporaketa
- Gipuzkoa Basket — Oviedo (ostirala, hilak 15, 19:30)
- Gipuzkoa Basket — Oviedo (igandea, hilak 17, 17:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen liga irabazteko finalerdiak, joanekoa
- Porriño — Bera Bera (igandea, hilak 17, 13:00)
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 37. jardunaldia
- Reala – Valentzia (igandea, hilak 17, 19:00).
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 21. jardunaldia
- Polo – Reala (igandea, hilak 17, 12:30)


