Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak sei ekitaldi izango ditu, datorren asteburuan
Jendea dantzan, txistularien emanaldi batean. Donostiako Udaleko Txistulari Taldea Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak asteburu oparoa prestatu du, guztira sei ekitaldi eskainiko baititu. Igandeko ohiko kontzertuaz gain, larunbaterako erromeria berezi bat antolatu dute, herritarrek dantzan ikasi eta aritzeko aukera izan dezaten.
Erromeriaren aurretik, txistulariak hiriko hainbat gunetan ibiliko dira giroa jartzen. Zehazki, Morlansen, Bretxan eta Parte Zaharrean. Larunbateko hitzordu nagusia, ordea, Plaza Berrian izango da, 18:30ean.
Ekitaldia edonorentzat dago irekia: dantza egin nahi dutenentzat eta baita esperientziarik ez duten herritarrentzat ere. Horretarako, Jokin Otamendi dantza maisua arituko da gidari lanetan, parte-hartzaileei pausoak erakusten.


