Euskal tradizioa, mahai jolas bilakatua
Garapen fasean dituzten bi jolasak gauzatzeko crowdfunding kanpaina abiatuko dute.Toki kultur elkartea Donostian sortu berri den TOKI kultur elkarteak euskarazko aisialdia, kultur sorkuntza eta komunitatea sustatzeko helburuz, mahai jolasak ardatz hartuta. Datorren astelehenean, hilak 18, crowdfunding kanpaina bat abian jarriko du Itsulapikoa plataformaren bitartez, garapen fasean dituen bi mahai jolasak aurrera eramateko.
Horietako bat 1901 Azken Bale da, euskal balearen ehizaren historian eta itsas tradizioan inspiratutako karta joko semi-kooperatiboa. Jokalariek arrantzale talde baten parte izango dira, eta elkarlanean zein estrategiaren bidez balea ehizatzeko erronkari aurre egin beharko diote. Jokoak euskal arrantzaleen memoria eta itsasoarekin izan dugun lotura modu dinamikoan gerturatzea du helburu.
Bestea, berriz, LATXA da, euskal artzaintzan inspiratutako familia joko arin eta dinamikoa. Haur eta familientzat pentsatutako joko honek arriskua kudeatzea, erabakiak hartzea eta jokalarien arteko interakzioa uztartzen ditu, euskal giro eta iruditeria propioarekin.
Elkartearen xede nagusia euskaraz sortutako mahai jolasak diseinatu, garatu eta jendearengana zabaltzea da, euskaraz bizitzeko eta gozatzeko espazio berriak sortuz. Horrez gain, euskarazko aisialdia indartzea, hizkuntza erabiltzeko gune naturalak sortzea eta partekatutako esperientzien bidez komunitatea eraikitzea du helburu. Horretarako, tailerra, topaketak, esperientzia dinamikoak ere gauzatuko dituzte.


