Muskerdun xaboi pastillaren mende luzeko bidaia, Donostia abiapuntu
Lagarto xaboiak jada Donostiarekin loturarik ez badu ere, Antiguan du bere sorburua. Juan Lizariturryk eta Jose Antonio Rezolak auzoan ezarritako La Providencia lantegian ekoitzi zuten hamarkadetan muskerraren irudia duen pastilla berdea.
gunean, 40.000 kilo xaboi ekoizten ziren Antiguako lantegian.Eusko Jaurlaritza Belaunaldi ugari ezagutu ditu Lagarto xaboiak bere 112 urteko ibilbidean. Zaharrenek, Antiguako La Providencia lantegi inguruan zegoen xaboi usain arraroa gogoratuko dute, gazteenek, ordea, ez dute jakingo, akaso, muskerdun kolore berdeko pastilla Donostian sortu zenik ere. 1980ko hamarkadatik, hiritik kanpo jarraitu du bere bidea, gorabehera ugarirekin, eta haren aztarna bakarra, Zarautz hiribidean fabrikako langileentzat egindako etxebizitza multzoa da.
Harresiak bota berritan, industria zabaltzen hasi zen hiriaren kanpoko auzoetara, eta, hala, Bentaberri inguruan zabaldu zuten, 1864an, La Providencia produktu kimikoen lantegia Juan Lizariturry Lathierrek eta Jose Antonio Rezola Gaztañagak. Animalien koipea eta landare olioa modu industrialean eraldatuta, eguneroko produktu bilakatzen zituzten. Nagusiki, bujiak eta kandelak. XX. mendearen hasieran, ordea, higienea eta desinfekzioa premia bilakatzeak eta elektrizitatearen orokortzearekin kandelen eskaria murrizteak, apustu berri bat egitera bultzatu zituen bi enpresariak, oraingoan, xaboiaren alde.
Peter Krebitz asmatzaile alemaniarrarekin harremanetan jarri ziren, haren saponifikazio teknikak eta glizerina eraunzteko metodoak Europa iraultzen ari baitziren. Lambert ingeniari frantsesaren laguntzaz, puntako xaboi fabrika atondu zuten. Teknikak hain aurreratuak ziren, probaldian, lantegiko beharginak huts egingo zuten beldur zirela, eta, antza, «lagarto, lagarto», esaten zuten, zorte txarra uxatzeko. Makinak ezin hobe zebiltzan eta pasadizoaren oroigarri, Lagarto izena jarri zioten 1914an merkaturatutako pastilla berdeari.
Orban zailak eta ehun finak
Olio begetalak eta animalia gantza zituen osagai, gehigarri kimiko agresiborik gabe; eta garaiko xaboien aldean, purutasun paregabea eta kalitate handiagoa zituen. Pentsa, ordura arte, etxean egin ohi zela frijitzeko baliatutako koipe eta olioekin. Hala, Lagartok askotariko erabilerak zituen: orban zailenak kentzeko eta ehun finak garbitzeko, ontziteria, gorputza, zorua, gainazalak…
Aitzindariak izan ziren publizitatean. 1924an, Donostian bizi zen Pedro Antequera Azpiri artista grafiko madrildarraren kartela ikoniko bilakatu zen: Musker atsegin bat, arropa xaboiarekin igurtziz garbitzeko xafla batean. Azkar lotu zitzaion produktuari. Hori izan zen bere arrakastaren gakoetako bat.
Antiguako lantegi nagusian, bujiak, glizerina, parafina, xaboia… egiten ziren. Egunean, 40.000 kilo xaboi eta 70.000 bujia ekoizten zituzten, besteak beste, bertan lan egiten zuten 160tik gora lagunek. 60.000 metro koadroko azpiegituratik kilometro bateko trenbidea irteten zen, hiriko tranbia linearekin lotuta, Pasaiako portura salgaiak eramateko. Horrez gain, beste lantegi bat zuen Lasarten, Biyak Bat. Han, kandelak egitean sortutako soberakinekin hazi olioa eta garanduaren elikagaia zen koko opilak egiten zituzten. Gutxika, garbiketarekin loturarik ez zuten produktuak baztertzen joan ziren.
Sorreratik industria garrantzitsua izan zen —Isabel II.ak edota Alfonso XIII.ak bisitatu zuen lantegia— baina gorabehera ugari bizi izan ditu. Lehen Mundu Gerrak Europako beste herrialdeetako lantegiak geldiarazi zituenean, esportatzen hasi ziren. Gudek eskaria handitu zuten, zauriak garbitzeko baliatzen baitzuten, infekzioei eta gangrenari aurre hartzeko. Diktadura garaiko autarkia, aldiz, kolpe handia izan zen, lehengaien inportazioa debekatua baitzegoen. 1959an hori aldatu eta AEBtatik gantza ekarri ahal izateak, kalitatea hobetu eta salneurria %40 murriztu zuen. Garai berrietara egokitzen jakin zuten ere, garbigailua agertzean, xaboi hautsa ekoitzita.
Hiru hamarkada geroago, eskariari erantzun ahal izateko, lantegi berri bat zabaldu zuten 1971n, Zaragozan. Hiriarekin harremana eten, eta 1985ean, hara eraman zuten ekoizpen guztia. 1992an, Euroquimica enpresak erosi zuen.


