Nerea Eizagirrek kontratua berritu du Realarekin
Nerea Eizagirrek kontratua berritu du Realarekin.Reala Realak eta Nerea Eizagirre kapitainak akordioa erdietsi dute jokalari tolosarraren kontratua 2028ra arte berritzeko, urtebete luzatzeko aukerarekin. “Zubietara iritsi zenetik hamar urte igaro direnean, Nereak Realaren koloreak defendatzen jarraituko ditu, dagoeneko historikoa den ibilbidea are gehiago handituz. Zelai barruan zein kanpoan erreferente nagusietako bat bihurtuta, kapitaina klubeko kondaira handien artean dago jada, eta gaur egun Realaren historian partida gehien jokatu dituen bigarren futbolaria da”, nabarmendu du klub txuri-urdinak.
Hain zuzen ere, taldeko jokalari garrantzitsuenetako bat da Eizagirre: “Lehen taldearekin debutatu zuenetik, Nereak ezin hobeto ordezkatu ditu Realaren balioak, bere konpromisoaren, lidergoaren eta klubarekiko sentimenduaren bidez. Bere hazkundea eskutik helduta joan da emakumezkoen futbol txuri-urdinaren garapenarekin batera, aro bat markatu duen belaunaldi baten funtsezko pieza bihurtzeraino. Belaunaldi horrek klubaren historiako unerik garrantzitsuenetako batzuk biziarazi dizkio taldeari”, azaldu du klubak.
Kontratua berritzearekin “hunkituta” agertu da kapitaina, “poz handi”z hitz egin baitu “bizitza osoko klubarekin lotuta jarraitzeagatik”. “Bere talentuaz eta zelaian erakutsitako mailaz harago, erdilari gipuzkoarra ispilu eta erreferente bihurtu da jokalari gazteenentzat, baita zale txuri-urdinek gehien maite duten jokalarietako bat ere. Nortasunean, lanean eta anbizioan oinarritutako proiektu baten oraina eta etorkizuna ordezkatzen dituen futbolaria da”, gaineratu du Realak.


