Zubietako lehen Pala Txapelketa Herrikoia antolatu dute
Zubietako plaza. (Argazkia: Estitxu Zabala) Herriko plazak eta frontoiak bizirik nahi dituzte zubietarrek, eta helburu horrekin jaio da aurten, lehenengo aldiz, Zubietako Pala Txapelketa Herrikoia. Kirola eta festa uztartuko dituen ekimen honek herritar guztiak deitu ditu parte hartzera.
Txapelketak izaera irekia badu ere, antolatzaileek oinarri batzuk ezarri dituzte herri izaera eta parekidetasuna bermatzeko. Hala, bikote bakoitzak gutxienez kide bat zubietarra izan beharko du, eta gutxienez kide bat emakumea. Izen-ematea bikoteka zein banaka egin daiteke; azken kasu horretan, antolakuntzak bikotea osatzen lagunduko du.
Jokoari dagokionez, teniseko pilotarekin eta palarekin jokatu ahal izango da, norgehiagoka irisgarriagoa egiteko maila guztietako jokalarientzat.
Egutegia eta izen-ematea
Partidak ekaineko ostiral arratsaldetan jokatuko dira Zubietako frontoian, 19:00etatik aurrera, nahiz eta antolatzaileek adierazi duten ordutegiak moldatzeko prestutasuna dutela parte-hartzaileen beharren arabera. Txapelketa uztailaren 23an amaituko da, final handiarekin.
Parte hartu nahi dutenek hilaren 25era arte dute aukera izena emateko 656 34 57 52 telefono zenbakira idatziz, eta bikoteko 5 euroko kostua du parte hartzeak.


