Uda eta gero erabakiko du udalak Donostiaren Munduko Futbol Txapelketako egoitza izateko hautagaitza mantentzen duen
Jon Insausti alkatea, astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan.Donostiako Udala Donostia 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izatearen inguruko eztabaidak aurrera jarraitze du hirian, Jon Insausti alkateak gaiaren inguruan hitz egin baitu berriz ere gaur (hilak 19), Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan kazetariek galdetuta. “Argazki osoa dugunean, erabakiko dugu aurrera jarraitzen dugun edo ez; edo agian, FIFAk erabakiko du”, adierazi zuen joan den astean, eta ildo beretik jo du gaur: “Udari begira, azken argazki hori izango dugu, erabakia hartzeko behar den informazio guztia”.
Hain zuzen ere, ordurako, aurkeztu beharreko dokumentu guztiak aurkeztuta edukiko ditu udalak. Horrela, alkateak iradoki du uda ostean hartu ahal izango duela udalak txapelketa horretako egoitzetako bat izateko lehian jarraitzeko edo ez jarraitzeko erabakia: “FIFAk abenduan erabakiko du, baina ordura arte denbora dago guk nahi dugun erabakia hartzeko”.
Era berean, erabakia “hemen” hartuko dela nabarmendu du, Donostiako Udalari erreferentzia eginez, nahiz eta aitortu duen beste erakunde publikoek ere badutela zeresana. “Inoiz baino donostiarragoak izan behar dugu; beraz, erabakiak hausnartu egin behar ditugu, galdera egokiak egin behar ditugu eta erantzun egokiak lortu behar ditugu horrelako ekitaldi bat aztertzerakoan”, gaineratu du alkateak.


