EH Bildu kalifikazioaren formula aplikatzearen alde agertu da, babesturiko etxerik ez dagoen auzoetan bereziki
Ricardo Burutaran, Juan Karlos Izagirre eta Lide Hernando, Groseko agerraldian.EH Bildu Etxebizitza parkea handitzeko lur gehiago okupatzearen ideia zalantzan jarri du EH Bilduk. Grosen egindako agerraldi batean, horren inguruko proposamen bat aurkeztu dute. “Egin al daiteke beste modu batera? EH Bildun uste dugu baietz eta kalifikazioa da aukera bat. Izan ere, sustatu nahi dugun etxebizitza ereduak oinarrian dituen lau ezaugarrietako bat horixe baita: barrurantz hazteko garaia da”, nabarmendu du Juan Karlos Izagirre bozeramaileak.
Garapen urbanistiko berriak leku degradatuetan edo zaharberritzeko beharra duten eremuetan egitearen alde agertu da udal taldeak. “Biak ala biak, etxebizitza babestua sortzeko abagunea direla uste dugu”, esan du Izagirrek. “Barrurantz haztea da gakoa modu erabakigarrian bi norabidetan eragiteko: etxebizitza babestu gehiago sortzeko eta Donostiako auzoen artean dauden desorekak lausotzeko”.
Hain zuzen ere, Sebastia Jornet hirigileak aste honetan eskainitako hitzaldiari erreferentzia egin dio bozeramaileak: “Nazioarte mailan punta puntako ibilbidea duen adituak argi azaldu du. Borondate politikoa badago posible da, tresnak existitu existitzen direlako. Are gehiago, Auzitegi Gorenak ere babestu du norabide hau berriki sinatu duen ebazpen batekin. Zehazki, berretsi du hirigintza plangintzak etxebizitza babestuen erreserbak ezar ditzakeela eraikita dagoen hirian, kalte ordainerako eskubide automatikorik sortu gabe, gainera. Eta Donostiak maneiatzen dituen datuak ez dira nolanahikoak”.
Donostiako Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapen testuak, Jornetek berak aditu lan talde batekin ondu duena, dio 4.000 etxebizitzatik gora lortu daitezkeela, eta babestu gisa izendatu noski, kalifikazioaren formula aplikatuz. “Eta hau, lur metro koadro bakar bat gehiago kontsumitu gabe. Aipatu nahi dugu bost egoeratan dela aplikagarria hau: etxabeak bizitoki bihurtuz, etxebizitza handiak zatituz, solairuak gehituz , eraikin osoak modu integralean zaharberrituz eta eraikin txikietan dentsifikazioa gehituz. Kasu hauetan sortutako etxebizitza berrien portzentai bat babestu gisa izendatuko litzateke eta alokairuan edo salmentan izan, prezio tasatuan izango lirateke derrigorrez”, zehaztu du Izagirrek.
Formula honen hiru ezaugarriak oso positiboak direla uste du EH Bilduk, eta hiriko egoerari buelta emateko bultzada litzateke aplikatzen hastea. “Lehenik eta behin, lur gehiago kontsumitzeari utziko genioke dugunari etekin handiagoa ateratzearen aldeko apustua eginez. Bigarrenik, udalarentzat kosturik gabeko operazioak lirateke, ondasunen jabeek hartuko lituzketelako lanak bere gain eta, hirugarrenik, etxebizitza babestu berria sortzea ezinezkoa den auzoetan ere aukerak sortuko genituzke donostiarrentzat, finean, bizitza proiektuak bertan egiteko aukerak eskainiz. Gros da adibide bat”, azaldu du bozeramailea.
Gros auzoa apropos aukeratu dute gaurko agerraldirako. Hiriak bizi duen errealitatearen “isla gordina” dela esan du Izagirrek: “Erabat ase dagoen auzo honetan zaila da etxebizitza promozio berriak sustatzea, eta egiten den apur hori bakar batzuen esku baino ez dago, inbertsio pribatuak dira eliteei zuzendutakoak. Sartu den kapitala inbertsio funtsak dira, funts putreak ere zenbait kasutan bizilagunak beren auzoetatik kanporatzen dituztenak, eta egiten den guztia luxuzkoa da. Proposatzen dugun formularekin, kalifikazioarekin, norabide aldaketa ematen has gaitezke”.


