Auzoan dantza eginez ospatuko du Trebeskak bere mende erdia
Hamaika plaza eta ehunka saio egin ditu 1976tik Egiako Trebeska Dantza Taldeak. Herriz herri eta plazaz plaza aritu dira parte izan diren dantzariak, eta egindako bidea ospatzeko festa aurrera eramango dute larunbatean, auzoan.
Zenbat dantza, jauzi, pauso, jira (eta bira) sartzen dira 50 urtetan? Horiek denak eginak ditu plazaz plaza Egiako Trebeska Dantza Taldeak. 1976an sortu zen Xabier Elkartearen barruan, artean, mendizale, musikari eta dantzariak batuta. Euskal kultura eta dantza zorrotz landu eta herriz herri eraman dituzte orain arte urratutako bidean. Ez zaie gorabeherarik falta izan, baina lortutakoa ospatzeko unea iritsi da.
Sustraiak ezagutzeko iraganari begiratuta, orainari eta etorkizunari indarrez heltzeko gogoz antolatu dituzte ospakizun jarduerak. Hala, hilaren 8an, erakusketa bat ikusgai jarri zuten Teila Fabrikan eta mahai-ingurua egin zuten zenbait garaitako taldekideekin. «Oso polita izan zen, bizipen oso ezberdinak zeuzkaten. Oroitzapen oso politak eta anekdotak kontatzen ibili ziren», azaldu du Nahia Ruiz Castro kideak. Lasartearra 2018an batu zen taldera, eta, egun, ikastaroetako eta taldeetako lagunak kontuan izanda 150 bat dantzari dira, haurretatik hasi eta 50 urte bueltara.
«Familiari» eskertza
Entseguetarako leku bat topatzea izan da elkartearen borroketako bat. 1990ean lortu zuten. Auzoari oso lotuta dagoen eragilea bada ere, uholdeak edo Udal Artxiboaren eraikitzeak Egiatik kanpora eraman zituen, tarte batez, baina Blas de Otero plazan dute beren lekua, egun. Gizartea, ohiturak eta baliabideak nabarmen aldatu dira bidean. Pandemiak egoera zailean utzi zituen, jende faltagatik; baina buelta ematen ari zaizkio. Harrobia, berriz, hein batean, Aitor Ikastolak sustatzen du, bertan ematen dituzten eskolaz kanpoko ikastaroetan, «txikienek jasotzen» baitute. Jarraitu edo ez, ezagutu dute. Gauza bera, kopuruan hazten doazen ikastaroetako partaideekin.
Indartzen ari dira eta berriro heldu diete agertokietako emanaldiei. Iaz bueltatu ziren Plaza Berrira, dantzari faltagatik Lasarte-Oriako Erketz Dantza Taldeak lagunduta. Ruizen hitzetan, «berezia izan zen berriro oholtza hori hartzea. Ez da erraza, altua da eta jende asko dago begira… Baina uste dut oso gauza duina eta txukuna egin genuela, denok oso pozik atera ginela». Itzulera hori «erronka oso polita» izateaz gain, gai direla sentitzeko balio izan zien.

Emanaldi hori garrantzitsuenetako bat bada, politenak, aldiz, auzoan bertan egindakoak dira, «suposatzen dutenagatik». Alegia, «Plaza Haundin beti daude aurpegi ezagunak, hasi aurretik edo bukatuta laguntza behar duzun galdetuko dizun jendea; eta oholtza gabe, plazan dantzatzeak beti emango dizu goxotasun bat».
Hori kontuan hartuta, musikaren doinura dantza egiten dutenez gain, inguruan dituzten guztiak gogoan izan nahi dituzte data berezi honetan, jakitun baitira zenbat lan dagoen emanaldi baten atzean. Saioetan ondoan dituzten musikariak baita laguntzen eta animatzen dabiltzan gurasoak, senideak eta lagunak ere «beraiek gabe ezingo genukeelako». Era berean, hastapenetan jantziak josi zituzten amak, amonak eta izebak ere, hau da, batera edo bestera lagundu dieten guztiei. «Oso pozik gaude familia polit honen parte izateagatik».
Bihar, festa eguna
Tresbeska Egunari 10:00etan ekingo diote 50 urteotan ibilitako dantzariek aurrera eramango duten desfilearekin. Egungo helduak, Aitor Ikastolako haurrak, DBHko ikasleek osatutako gazte talde bat, eta plaza dantzetako ikasleak; talde kide ohien beste bi: gazteak eta vintage —«kideek euren burua hala izendatu dute»—. Haiei batuko zaizkie Mallorcako Llubik herriko Taperers en Festa-koak. «Hara joan ginen urte amaieran eta gure festara gonbidatu ditugu gurekin dantza egitera». Bidean hiru geldialdi egingo dituzte, Kata tabernako plazan, Blas de Oteron eta Plaza Berrin. Emanaldi nagusia, berriz, Plaza Haundin abiatuko dute, 12:00etan.
Ondoren, indarberritzeko bazkarien txanda izango da. Haurrena lehenik, 13:30ean, eta ordubete geroago, herri bazkaria. Txartelak, 10 eta 25 eurotan, hurrenez hurren, salgai daude Kosko, Kaktus eta Kata tabernetan. Bazkalostean, ekitaldi berezia egingo dute, eta 17:00etan, erromeria gidatua. Eta amaitzeko, dantza gehiago, Laket taldearen erromeriarekin, 20:00etan hasita.
Biharko ospakizun handiari begira motorrak berotzen hasteko, gaur arratsaldean zenbait jarduera aurrera eramango dituzte: herri apainketa, 17:00etan, txokolate jatea, 18:00etan eta txosna irekitzearekin batera, pintxo potea, 19:00etan hasita.
Festa hori izango da ospakizun bakarra. Horren ondoren, ikasturte amaierarekin eta entseguekin segituko dute, Plaza Berriko hitzordura arte. Aurrera begira erronka nagusia bidea egitea bera da. «Jarraitzea egiten dugun moduan. Uste dut saiatzen garela zorrotzak ez izaten gure dantza egiteko moduarekin. Nahi dugu disfrutatu dantzan, asko ikasi…. Horrek denbora behar du. Eta goxotasuna».
Trebeskak menderako beste erdia beteko duen itxaropenez, 75.ean dantzatzeko esperantza du Ruizek.


