Elkarretaratzea egin du PPk, «segurtasuna» eskatzeko
PP alderdiak Bilbo plazan antolatutako mobilizazioa.PP Donostiako PPk deituta, ehun bat pertsona elkarretaratu ziren ostegun arratsaldean Bilbo plazan, Por una ciudad más segura. Hiri seguruago baten alde lelopean. Borja Corominas udal bozeramaile popularra izan zen elkarretaratzera deitzeaz arduratu zena, baita han bertan hitza hartzeko arduraduna ere. “Ezin dugu onartu delinkuentzia finantzatzea”, adierazi zuen Corominasek, besteak beste.
Kale egoeran dauden pertsonak izan ziren popularren diskurtsoaren erdigunea, zehazki, jatorri atzerritarrekoak: “Hiri honek besoak zabalik hartzen ditu laguntzera datozen guztiak, ahalegin pertsonaletik onura kolektiboraino. Lana dago lan egin nahi duten guztientzat. Baina ezin dugu onartu eta ezin dugu egin delinkuentzia finantzatzea”, adierazi zuen bozeramaileak. Hain zuzen ere, aste osoan zehar halako mezuak zabaldu ditu Donostiako PPk bere sare sozialetan.
Era berean, autobus geltokiko kontrola areagotzeko, Herrerako Zardoya-Otis eremuko pabiloiak husteko eta eraisteko eta udalak Donostian eraiki nahi dituen komisaria berriak eraikitzeko eskatu zuen Corominasek. “Espainiako Barne Ministerioaren datuen arabera, Donostia da azken urteetan segurtasunik eza gehien hazi den hiriburua”, argudiatu zuen zinegotzi popularrak, aipatu gabe Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren azken datuek diotela 2025ean %5 inguru murriztu egin zela delitu kopurua Donostian, 2024ko datuekin alderatuta.
LQNTCDD
Corominasez gain, Donostiako eta Gipuzkoako PPko hainbat kide zeuden pankartaren atzean, hala nola Vanesa Velez eta Tomas Pascua zinegotziak eta Mikel Lezama foru diputatua. Nabarmentzekoa da Lo Que No Te Cuentan De Donosti (LQNTCDD) talde erreakzionarioak, kale egoeran dauden jatorri magrebtarreko pertsonak eta delinkuentzia zuzenean eta testuingururik gabe lotu ohi dituenak, mobilizazioan parte hartzera deitu zuela sare sozialetatik. Hain zuzen ere, talde horrek Kaleko Afari Solidarioak-en aurka antolatutako lehenengo mobilizazioan parte hartu zuten zinegotzi popularrek 2024an.


