Bera Berak Kanaria Handia gainditu beharko du liga irabazteko
Eskubaloi taldeak Gaskan jokatuko du etzi finaleko lehen partida. Realak sailkapeneko hamargarren tokian bukatu du liga, eta Gipuzkoa Basket igoera fasetik at geratu da.
Elba Alvarez jaurtitzeko unean, Porriñoren aurkako partidan.Bera Bera Hamaikagarren liga eskuratzeko azken pausoa falta zaio Bera Bera eskubaloi taldeari. Finalerdietan Porriño galiziarrak gainditu ondoren, Kanaria Handia zain dute titulua lehiatzeko. Lehen partida etzi jokatuko dute, Gaska kiroldegian (19:15). Irabaziz gero, liga eskuratzeko urratsa egingo lukete, eta Kanarietako bigarren norgehiagokan nagusituz gero, titulua Donostiara ekarriko lukete. Dena dela, lehenik eta behin asteazkeneko partida irabazi behar dute.
Futbolean, bukatu da Realeko mutilen denboraldi gorabeheratsua. Kopako garaipen historikoak salbatu du txuri-urdinen sasoia. Izan ere, ligan ez dira ondo aritu. Gaizki hasi ziren, eta, ondorioz, Sergio Francisco entrenatzailea kanporatu zuten. Pellegrino Matarazzo ordezkoarekin nabarmen egin zuten hobera, apirilaren 18ko final ahaztezina irabazteraino. Ordutik, ordea, Realak ez zuen beste partidarik irabazi. Ezta pasa den larunbatekoa ere. Espanyolen zelaian berdindu zuten Orri Oskarssonen golari eta Unai Marrero atezainaren geldituei esker (1-1). Bestalde, nabarmentzekoak dira Luken Beitiak atzeko erdiko lerroan eta Jon Ochiengek hegalean jokaturiko minutuak. Sailkapen nagusiko hamargarren tokian bukatu dute liga txuri-urdinek. Hemendik aurrera, lana dute Matarazzok eta Erik Bretos kirol zuzendariak. Jokalari batzuk joan egingo dira, beste batzuk ez dute jarraituko —Aritz Elustondok, esaterako—, eta fitxaketak ere egongo dira.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek ezin izan du ACB ligara igotzeko kanporaketetan liga erregularreko inertzia ona mantendu. Oviedoren kontra jokaturiko neurketa guztiak galdu ostean, igoera fasetik kanpo geratu dira. Datorren denboraldian berriz ere saiatzeko prest daudela iragarri dute.
Belar hockeyan, Realeko neskek berdinketa batekin bukatu dute sasoi eskas samarra. Taburienteren kontra Zubietan jokaturiko partidan, ezin izan zuen arerioa gainditu (1-1). Horiek horrela, sailkapen nagusiko bederatzigarren postuan bukatu dute liga.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen ligako finalerdiak, itzulerakoa
- Bera Bera 33 – Porriño 33
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 38. jardunaldia
- Espanyol 1 – Reala 1
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, lehen mailara igotzeko kanporaketa
- Hirugarren partida: Oviedo 82 – Gipuzkoa Basket 75
Belar hockeya
Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia
- Reala 1 – Taburiente 1

