Bertso Potajiak hartu du 'Donostiya'
Donostiyako Bertso Potajia egun osoko bertso eguna antolatu zuten larunbatean, hiriko hainbat lekutan.Andoitz Urdapilleta Donostiyako Bertso Potajia izena jarri zioten pasa den larunbatean, maiatzaren 23an, Bilintxi Balantxa bertso elkarteak lehenengo aldiz antolatutako Donostiako bertso egunari. Egun osoko egitarauaren baitan, hamaika bertso eskaintza ezberdin egin zituzten Donostian jaio edota bizi diren hainbat bertsolariekin. Guardetxean goizeko bederatzitan eman zioten hasiera egunari, bertso gosari eder batekin eta Donostian zehar ibili ondoren, gauean Guardetxean bertan amaitu zuten eguna.
Bertso gosariaren ondoren, lau auzotan ordu berean lau bertso saio izan ziren: Loiola, Intxaurrondo, Antigua eta Aieten, hain zuzen ere. Loiolako Hontza elkartean aurten hasiberrien bertso eskolan egon diren helduak izan genituen kantuan euren irakasleak kantu kide zituztelarik. Intxaurrondon, berriz, Aiert Ordoñez eta Iosu Ordoñez aritu ziren Zulo Zahar elkarte kanpoan, trikitilariek isiltasun tarteak girotuz. Antiguan, Tolaretxipi, Alustiza eta Aranburu aritu ziren Matia kaleko eliza atarian eta Aieteko Munto plazan Urdapilleta eta Mujika entzuteko aukera izan zen.
Lau bertso saio horiek amaitzean, Easo plazan, Nerea Elustondo, Asier Ibarguren, Andoni Otamendi eta Iker Ormazabal Tturko bertsolariei, Gorka Segurola gai-jartzaile lasartearraren gidaritzapean, eguzki galgetan kantatzea suertatu zitzaien. Eguraldi ederra bertsozaleen gozamenarekin nahastu zen egun osoan zehar eta bertso potajeko zapi urdinak nonahi ikusi zitezkeen. Handik, Bulebarreko kioskora trikitilariekin joan ziren eta bertan, Ibarguren eta Alustiza librean aritu ziren Guardetxeko bazkarira igo aurretik.
Bertso sorta batekin gelditzekotan, Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea bertsolari lesakarrek ehundutako sortarekin geldituko ginateke, euren “kanpotar” ikuspuntutik donostiartasunari ironia eta xarma bereziarekin heldu zioten
Bertsozale, bertsolari eta gai jartzaileek Guardetxean elkarrekin bazkaldu zuten eta bazkalostean bertso jarrien emanaldia ikusgarria izan zen, arratsaldeko egitarauari hasiera emanez. Zurriola Ikastolako haurrek eurek sortutako sortak abestu zituzten eta txalo zaparrada handia jaso zuten bueltan. Bagera elkarteko bertso eskolakoek ere, elkarrekin bota zituzten hainbat kopla eta bertso idatzi, baita Bilintxi Balantxako hainbat kidek ere. Bertso zahar ezagunak ere izan ziren, tartean, Bilintxenak eta Rosario Artolarenak. Halaber, bertso sorta batekin gelditzekotan, Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea bertsolari lesakarrek ehundutako sortarekin geldituko ginateke, duela hogei urtetik bizi baitira bi nafar hauek Donostian eta euren “kanpotar” ikuspuntutik donostiartasunari ironia eta xarma bereziarekin heldu zioten, psikologoaren bata zuri eta guzti.

Donostiyako Bertso Potajia egun osoko bertso eguna antolatu zuten larunbatean, hiriko hainbat lekutan.Andoitz Urdapilleta
Ondoren, Bilintx kalean, balkoitik balkoirako saioa zegoen, aurten 150 urte betetzen baitira Bilintx bertsolari handia hil zenetik, eta Beñat Gaztelumendi eta Manex Mujika ziren berez bertan kantatu behar zutenak, baina bertsolari añorgatarrak eztarriko arazoak medio, ezin izan zuen parte hartu; haren ordez, Andoitz Urdapilleta igo zen balkoira. Ordu erdiko saio ederra eskaini ziguten, elkarri mokoka aritu ziren eta behetik begira zeudenak gustura egon ziren. Ondoren, bertso-triki-poteoan Parte Zaharreko kaleetatik zehar ibili ziren eta, handik, eguneko azken bertso saiora igo ziren Guardetxera.
Andoni Egaña, Nerea Elustondo, Peru Aiartza eta Manex Mujika Ander Aranbururen gaien laguntzarekin bikain aritu ziren goraino beteta zegoen Guardetxean. Bitxikeria gisa, aurten Egaña izan da bertsolari donostiartua, eta ohituta gaituen bertso maila erakutsi zuen arratsalde eta iluntze osoan zehar, publikoaren goxo eta zehatz konektatuz.
Jarritako helburu guztiak bete izanaren sentsazioarekin eman zioten amaiera egunari. Zalantzarik gabe, nabari da Donostiako bertso mugimendua suspertzen eta era bateratuan indarra hartzen ari dela
Donostiako bertsozaleak, antolakuntza taldea eta bertara bertaratu zirenak oso pozik gelditu ziren egunean zehar izandako erantzunarekin eta hurrengo urtean berriz egiteko asmoa dutela adierazi zuten. Lehenengo edizioa izan da 2026ko maiatzaren 23ko hau eta jarritako helburu guztiak bete izanaren sentsazioarekin eman zioten amaiera egunari.
Zalantzarik gabe, nabari da Donostiako bertso mugimendua suspertzen eta era bateratuan indarra hartzen ari dela. Peru Aiartza bertsolariak bukaerako agurrean adierazitakoak ederki islatzen du bilakaera hori: «Bilintx zaharra lurpean dago ta zaila da ateratzen/ nahiz eta berak emandakoak bizirik diren geratzen/ Gaztelumendi anaiak ere pixkana badoaz zahartzen/ Donostiako elite hortan horren zaila dago sartzen/ azkenaldian bertso giroan badabil zerbait eratzen/ zer kantatua daukan hirian, nor kantatua behar zen».

