Harrera Sareak salatu du Oxigrafetik kaleratutakoak «bizitoki alternatibarik gabe» kalean utzi dituztela
Hiritarron Harrera Sareak agerraldia egin zuen igandean Herrerako Oxigraf pabiloiaren kanpoaldean, ostiraleko kaleratzea salatzeko.Hiritarron Harrera Sarea Ertzaintzak Herrerako Oxigraf pabiloian bizi ziren etxerik gabeko pertsonak kaleratu zituen ostiral goizean Udaltzaingoaren laguntzarekin eta, horren aurrean, Hiritarron Harrera Sareak agerraldia egin zuen igandean Oxigrafen bertan, salatzeko “zazpi gazte kale gorrian utzi dituztela bizitoki alternatibarik gabe”. Hain zuzen ere, bi pertsona zeuden pabiloian Ertzaintza bertaratu zenean, baina Harrera Sareak azaldu du “gutxienez zazpi” bizi zirela hor ordura arte.
“Aldez aurretik abisatu gabe gauzatu zuten kaleratzea”, Harrera Sareak salatu zuenez: “Ondorioz, ezin izan zituzten ondasun pertsonalak eta agiriak berreskuratu. Operatiboan, bi pertsona bi ordu inguru eduki zituzten fabrikaren kanpoaldean, eta, ondoren, Espainiako Poliziaren egoitzara eraman zituzten, identifikatzeko”. Horrez gain, “erakundeen erantzunik eza” deitoratu zuten: “Orain arte, udala ez da haiekin harremanetan jarri eta ez die bizitoki alternatibarik eskaini, nahiz eta jakina den La Sirena aterpetxeak badituela oraindik horretarako baliabideak.
“Bizitoki alternatiba bat izatea ezinbestekoa da pertsona talde honentzat; izan ere, zazpi gazte hauetatik, gutxienez lauk dagoeneko onartuta dute beren espedientea ezohiko erregularizazio prozesuan, eta arlo ezberdinetako lanbide ziurtagirien ikastaroak burutzen ari dira”.
“Egiturazko arazoa”
Azken hilabeteotan, hainbat izan dira Poliziak Donostian egindako antzeko kaleratzeak, hala nola Martuteneko Agustindarren eraikinean eta Herreran bertan, Zardoya-Otis eremuko pabiloi batean. Horrela, ostiraleko kaleratzearekin, “dagoeneko, 150 pertsona baino gehiago izan dira kaleratuak”, Harrera Sarearen arabera.
“Kale egoeran dagoen kolektiboari babesa ematen diegun eragile eta banakakook salatu nahi dugu etxegabetze berri horrek larriagotu egiten duela dagoeneko hirian kale egoeran dauden 500 pertsona baino gehiagori eragiten dien egiturazko arazoa. Horregatik, kaltetutako gazteei beste bizileku bat emateko premiazko neurriak eskatzen ditugu, bai eta irtenbide integral eta iraunkorrak ere gizarte errealitate horri aurre egiteko”, gainerat dute.

