Hondartzetako erreskateen harira, Insaustik autokritika egin du
Alkateak gogorarazi du hondartza denboraldia ekainaren 1ean hasiko dela, eta ordura arte suhiltzaile talde batek bermatuko duela kostaldeko segurtasuna.
Zurriolako hondartzan jarri dute sorosleentzako egurrezko dorrea.Beñat Parra Ondarretan hildako 77 urteko gizonaren ezbeharraren aurretik, Jon Insausti alkateak hiriko hondartzetako segurtasunari buruz hitz egin du Tokiko Gobernu Batzorde osteko agerraldian. Azken egunotan izan diren erreskateen harira, autokritika egin du Insaustik: “Seinale gehiago eta handiagoak jarri beharko ditugu, gune batzuk arriskutsuagoak direlako bainua hartzeko. Megafonia bidezko abisuak lehenago ematen hasi beharko ginateke”.
Era berean, donostiarrei eta bisitariei “arduraz” jokatzeko eskatu die alkateak, oraindik soroslerik ez dagoelako hiriko hondartzetan. Hain zuzen ere, datorren asteko astelehenean, ekainaren 1ean, abiatuko da hondartza denboraldia, eta orduan bai egongo direla. Horren aurrean, Insaustik jakinarazi du pasa den asteburuan suhiltzaile talde bat ari dela kostaldeko segurtasuna bermatzeko lanean. Zehazki, Zurriolako hondartzako Sagues inguruan. “Ondo ezagutzen dugu zona hori, marea arriskutsuak sortzen direlako han”, gaineratu du.
Hondartza denboraldia aurreratzeaz galdeginda, alkateak esan du dagoeneko udalak aurreratu zuela, “ekaina erdialdetik hasierara, eta iraila bukaerara”. Aurten, bere horretan mantenduko dute hondartza denboraldiaren egutegia, baina 2027koari begira udalak “gogoeta” egingo duela aitortu du.
Ordenantza berria
Ekainaren 1ean, hondartza denboraldia ez ezik, ordenantza berria ere martxan jarriko du udalak. Beraz, ordutik aurrera ezin izango da hondartzetan erre, eta ezingo dira musika bozgorailuak erabili. Arauak betetzen ez dituztenei isunak jarriko ote dizkieten galdeginda, Insaustik esan du ordenantza “betetzeko” dagoela, beraz, herritarrek jakin beharko dutela nola jardun. “Neurria ezagutzen ez dutenei azalduko zaie, eta behin baino gehiagotan urratzen dutenei, isuna ezarriko zaie”, azaldu du alkateak.

