«Bakoitzak gure kolorea dugu, gure identitatea, eta zoragarria da alde hori ikustea»
Alabei hizkuntzaren mugak gainditzen lagundu nahian murgildu zen arteterapian Elene Sulamanidze eta, bertan, ogibide bilakatu duen diziplina topatu zuen. Artearen bidez emozioak lantzeko ikastaroak ematen ditu.
Elene Sulamanidze bere alabek ikasten duten Amara Berri ikastetxean.Joseba Parron San Sebastian Amara Berri ikastetxearen atarian egin dugu hitzordua Elene Sulamanidzerekin (Kutaisi, Georgia, 1984), bertan ikasten baitute bere 7 urteko alabek. Goiz euritsuaren ateri une batean jolastokiaren hormetako batean margotutako irudiaren aurrean jarri da argazkietarako, baina euria bueltan etorri, eta eskola barrura egin du argazkilari eta kazetariarekin batera, irudiekin jarraitu eta elkarrizketa gauzatzeko.
Eguraldi ezatseginaren aldean, leku goxoa da eskolako sarrera ingurua. Mahai batean leku egin, eta bertan utzi ditu zenbait marrazki, arteterapia zertan datzan azaltzeko baliatuko dituenak. Goxo eta argi erantzun ditu horri lotutako galdera guztiak, hizkuntzaren mugei iskin egiteko antzeko galderak behin baino gehiagotan erantzun arren. Hitzak nahikoa izan dira, eskerrak, arte kontuetan eskas moldatzen baita kazetaria.
Duela urtebete inguru, arteterapiak bide berri bat marrazteko aukera zabaldu zion Sulamanidzeri, hamarkada lehenago Donostiara etortzeak bere bizitzaren norabidea aldatzekoa eman moduan. 2014an, senarrarekin batera, koinatuaren Egiako etxera etorri zen «bizimodua aurrera ateratzeko» asmoz. Georgiatik irten zen lehen aldia izan zen, eta, artean, hiriari buruzko ezer ez zekien.
Koloreak eta emozioak
Gerora, Amara Berrira lekualdatu ziren eta auzoko zenbait pisutan bizi. Bi alabak 2019an jaio ziren eta Amara Berri ikastetxea aukeratu zuten, auzoan egoteaz gain, «programarekin, metodologiarekin eta akonpainamenduarekin» pozik zeuden beste familia batzuek. Bertan, Ongi Etorri Eskolara egitasmoak aurrera daraman Familia Laguna programaren jardueretan parte hartu ohi dute, hala nola museoetara bisitak eta ibilaldiak… «Oso gomendagarria da, familiei parte izaten laguntzen dielako gertuko harremanen bidez», baieztatu du.
Are gehiago, oraintsu, tailer bat gidatu zuen bertan. Guraso eta haurrez osatutako taldea izan zen, «adin nahasketa interesgarri batekin». Bakoitzak bere bihotza zein koloretakoa den pentsatu eta margotu zuen, baita zenbait sinbolo ere. Ondoren, moztu, eta paper handi batean itsatsi zituzten guztiak, beste marrazki batzuk ere gehituta. Sulamanidzeren esanetan, mezu nagusia honako hau da: «Bakoitzak gure kolorea dugu, gure identitatea, eta zoragarria da alde hori ikustea eta elkarrekin lan egitea. Mundu zoragarria osatzen dugu, gure artean horrenbeste diferentzia, kolore eta forma izanda». Horrez gain, emojiak ere egin zituzten gurasoek jakin dezaten beren seme-alaben zein emoziorekin lortzen duten kolore bakoitza. «Horrela badakite haurra egun horretan nola dagoen, kolore hori erabiltzen badu edo ez. Hori oso lagungarria da gurasoentzat, haurrentzat zaila delako emozioak adieraztea».

Psikologiaren aldetik datorkio arteterapiarekiko interesa, hain zuzen ere, bere alabei lagundu nahian murgildu baitzen horretan, «beste hizkuntza bat hitz egiten duen munduarekin komunikatzea kostatzen zitzaielako». Hori izan zen sorburua. Farmazia ikasketak ditu, eta saltzaile eta garbitzaile aritu da lanean. Ez da artearen bereziki zalea, haurtzaroan apenas margotu edo marraztu zuela dio, baina duela pare bat urte hasi zen horretan, eta dohain bat zuela jabetu zen.
Izan ere, interes handia eragin zion, «funtzionatzen duelako» eta «oskoletik irteten» lagundu ziolako; orain, bere ogibide bilakatu du. Iaz ikastaro bat egin zuen eta arteterapeuta nazioarteko ziurtagiri bat lortu zuen, bere burua eta gainerakoak laguntzeko. Sentitzen du beti bila ibili den hori topatu duela.
Landu eta askatu
Prozesu oso sortzailea dela dio, inolako araurik gabea, eta gidariak egoki deritzon moduan egiten du, baliagarriena iruditzen zaiona bezeroarekin adostuta. Askotariko teknika eta metodoak erabil daitezke emozioak adierazteko: koloreak, plastilina, ipuinak, dramaterapia, fotocollageak… Ez da inolako ezagutzarik edo gaitasun artistikorik behar, koloreak, irudiak eta forma geometrikoak nahikoak baitira. Horiek eta sortutako marrazkiak berak sentimenduen isla dira: egilearen historia edo bizitza erakusten dute.
«Geldituta dauden sentimenduak ateratzeko balio du eta autoezagutza sustatzen du, subkontzientetik datozen mezuak agertzen baitira. Landu behar dituen emozioak eta oroitzapenak erakusten ditu, eta gure dohainen berri ere ematen digu. Ez ditu arazoak soilik erakusten, konponbideak ere azaltzen ditu», azaldu du. Ondorioz, bere onura nagusiak emozioen oreka, autoestimua handitzea, gai sentitzea, nahi den zerbaitetara ausartzea edota sormena piztea dira.
Arketipo orokorrak daude, denontzat balio duten ikurrak, esaterako, zirkuluak osotasuna, bizitzaren zikloa edo segurtasuna irudikatzen du; baina sinbolo eta koloreen esanahia norberarena da, baita egindako marrazkietan ikusten dena ere. Hori guztia aztertuta atzematen ditu Sulamanidzek traumak edo zailtasunak, eta horiek lantzen edo sendatzen laguntzen die galderak eginez. Mingarri edo deserosoa dena hitzez esatea kosta daiteke, baina arteak baliatuta, ez du horrenbeste eragiten. Prozesua terapeutiko bihurtzen da marrazkia aldatuz. Alegia, gauzak gehitu eta irudia moldatuta, nork bere baitan eragiten du, sentimendua eta pertsona bera aldatzen dira, «programa aldatzen du». Argitu duenez, «ditugun sinesmenak edo adierazteko gai ez garenak markoztatuta agertzen dira. Marraztuz marko horiek ezeztatu ditzakegu eta birprogramatu. Oso polita da arteak leundu egiten duelako jarduna». Ibilbidea pertsonala da eta ez du arau zehatzik, baina zortzi-hamabi bat saiotan nabari daiteke aldea.
Oraingoz, online ematen ditu ikastaroak, etxetik; baina aurrez aurreko saio edo tailerrak ere egiteko asmoa du. Haurrekin eta helduekin lan egin dezake, banaka edota taldean, eta ikastetxe, kultur etxe edota jubilatuen egoitzetan ere eskaini nahi du bere zerbitzua.
Urdina eta berdea
Eta berak zer kolorerekin identifikatzen du Donostia? «Urdina, itsasoagatik». Eta Georgia? «Berdea, natura moduan. Hori da denaren sustraia». Bietan mendiak daude, eta itsasoa, «Georgiakoa txikia bada ere, Itsaso Beltzaren zati bat». Biak alderatuta, Donostiaren «bizitasuna» gustatzen zaio, eta bizia izanda ere, «lasaia eta zarata gutxikoa» izatea.
Sobietar Batasunaren parte izateak, eta egun, Errusiak zenbait gune okupatuak izateak, errusieraren ezagutza zabaltzea ekarri bazuen ere, georgiarrek badute berezko hizkuntza bat. Euskararen ahaidea zela esan izan da, eta baztertutako teoria bada ere, ikasi zuen urtebetean, Sulamanidzek antzekotasunak topatu zituen gramatikan eta arauetan. Hizkuntza polita eta desberdina iruditzen zaio, «gehitzen duen osagarri bat da, ikuspuntua eta pertzepzioa zabaltzen dituena».

'Supra', otordutik harago doan erritu georgiarra
Hitzaren berezko esanahia «mahai zapi» bada ere, supra georgiarren oturuntza tradizionala da, abegikortasunaren adierazlea. Georgiaren historia Zetaren Bideari lotuta dagoenez, antzinako erritu honek lurraldea zeharkatu zuten zibilizazioen eragina jasan zuen, Ekialdeko eta Mendebaldeko zaporeak eta sukaldaritza teknikak jasoz. Mahaia estali arte betetzen duten jakiak baino gehiago da, ordea.
«Ospakizunetan elkartzen garenean, brindisak esaten ditugu, baina ez du bakoitzak nahi duena esaten, mahaiaren gidariak erabakitzen duena baizik. Hor hasten da dena», zehaztu du Elene Sulamanidzek. Mahaiaren burua tamada da, berak gidatzen ditu gonbidatuak oturuntzan zehar. Anfitrioia ez bada, berak aukeratzen du ardura hori nori eman.
Tamada da brindis erritualak proposa ditzakeen bakarra eta usu horietako bakoitza diskurtso labur edo istorio batekin hasten du. Gaia askotarikoa izan badaiteke ere, familia, bakea, maitasuna edo bildutakoak hartu ohi dituzte hizpide. Ordu erdira arte luza daitezke, eta amaitzean, jankideek kopa altxatuz eta beren gogoetak partekatuz erantzuten diote.
Topa eta topa artean, jankideek hitz egin, desioak, elezaharrak edota pasadizoak partekatu, kanta tradizional polifonikoak abestu edota dantza tradizionalak ikusten dituzte.
Janari ugari zerbitzatu ohi dute eta huts egiten ez dutenetako hiru dira khinkali —haragi xehatuz beteriko dumpling-ak—,
—gaztaz betetako ogi epela— eta badrijani nigvzit —alberjinia, intxaur eta baratxuriarekin—. Ardoak ere pisu berezia du, georgiar kulturan, izan ere, munduko ekoizle zaharrenetakoa da.
Mahaia mahai zapi koloretsuekin, kandela edota loreekin apaintzen dute. Elementu sinbolikoak ere badira, esaterako, janari kopuruak oparotasuna irudikatzen du, espezia eta belarrek, aldiz, lurrarekiko lotura.

