Turkesa kolorez jantzita ariko dira lasterka
Erromatarren zenbakiak alboratuta, Berritsu euskara elkarteak 11. AB Krossa egingo du bihar, Amara Berrin. Hamarkada gaindituta, izaera eta proposamen propioari eutsita jarraituko dute aurrera. Aurten ere, Irutxuloko Hitzak babestuko du euskararen aldeko festa.
Bi lasterkari helmugara iristen, iazko X. AB Krossa lasterketan.Maitane Aldanondo Hizkiak, zenbakiak eta koloreak. Hiru ezaugarri horiek ditu AB Krossak, Amara Berriko euskararen aldeko herri lasterketak. Hiru horiek, eta beste asko. Esaterako, lasterkarien fideltasuna. 250 lagunek parte har dezakete, hori da muga, eta iaz hautsi zuten errekorra, lehendabiziko aldiz. Izan ere, muga hori gainditu zuten beste hamar bat lasterkarik parte har zezaten. Aurten ere, ezarritako kopurua bete eta gaindituko dela uste du Berritsu euskara elkarteak, probaren antolatzaileak. «Ezarritako muga hori apropos aukeratu genuen, lasterketa herrikoia eta jasangarria izatea nahi dugulako; lasterkarientzat, ikustera datozen familientzat eta antolatzaileontzat. Azken urteotan partaidetzak gora egin duen arren, ez dugu lasterketaren izaera aldatzeko asmorik», azaldu du Iñigo Azurmendi antolatzaile taldeko kideak.
Hamargarren urteurrena korrika eta familia giroan ospatu ondoren, hamaikagarrena prest dute. Bihar izango da, ohiko formatuarekin, lasterketa baino gehiago delako eskaintzen dutena. 19:00etan abiatuko dira korrikalariak, baina arratsaldeko festa bi ordu lehenago hasiko da, 17:00etan, Amara Berriko Probestu plazan. «Arratsalde plan bat eskaintzen dugu familientzat. 17:00etatik aurrera, haurtxokoko lagunak etortzen dira haurrentzako jolasak eskaintzera. Esaterako, dortsalak marrazteko aukera izaten dute, eta askaria ere ematen diegu», nabarmendu du Azurmendik.
Helduen txanda, berriz, 19:00etan izango da, orduan abiatuko delako AB Krossa. Bi ibilbide izango dituzte lasterkariek, aukeran: motza —3 kilometrokoa—, eta luzea —6 kilometrokoa—. Irteera eta helmuga, berriz, leku berean: Isabel II.a kalean. Lasterketaren babesle gisa, han jarriko du Irutxuloko Hitzak helmugako arkua. Antolatzaileek ibilbide bera mantendu dute, nahiz eta aldatzeko aukera batzuk aztertu dituzten. «Anoeta pareko biribilgunea dagoeneko oinezkoentzat denez, hari buelta bat ematea pentsatu genuen. Ordea, aldaketa txikiena egitea ere zaila da, hori dena udalarekin adostu behar delako», azaldu du Azurmendik. Etorkizunera begira, berriz, ez du baztertu aldaketa txikiren bat egitea.
Kolorez kolore
Askotarikoa da AB Krossaren kolorea, urtez urte aldatzen dena. Zehazki, kamisetaren kolorea da lasterketaren beste ezaugarrietako bat, eta Azurmendik aitortu du gero eta zailagoa dela aukeratzea. Aurtengoa, turkesa da. «Onartu behar dut dagoeneko ez dakigula zein kolore hautatu. Hainbeste ediziorekin, Erromako zubiko kolore guztiak erabili ditugu. Gainera, ez digute koloreen sekulako katalogoa eskaintzen. Karteleko irudia ere txertatu diogu», adierazi du Azurmendik. Hain zuzen ere, kamisetak detaile berezi bat duela gaineratu du, haur baten eta heldu baten eskuak helduta ageri direlako: «Horrekin irudikatu nahi duguna da AB Krossa herritarra dela eta familia asko erakartzen dituena. Gure lasterketa lagunkoia eta lagunartekoa da, eta kartela diseinatu duen pertsonak proposatu zuen bi esku horien ilustrazioa kamisetan jartzea».
Pelax, klasikoa
Lasterketak bukatu ostean, sari banaketa eta zozketak egingo dituzte. Jarraian, berriz, ohiko kontzertua, Probestu plazan. «Pelax etorriko da kantatzera, 20:30etik aurrera. Bera izan zen bandarekin batera jo zuen lehena. Gerora, beste behin etorri zen, eta aurten hirugarrenez ariko da. Eskertzekoa da haren prestutasuna», nabarmendu du Azurmendik.
Zeruari begira ere badaudela aitortu du, azken egunotako beroa ez delako korrika egiteko aproposena: «Iragarpenaren arabera, lainotuta egongo da, eta hori da guretzako aukerarik onena. Eguraldia ona bada, jendeak nahiago izaten du beste planen bat egin, eta euria eginez gero, asko ez dira animatzen. Beraz, ea iragarpena mantendu eta giro ederrean ospatzen dugun eguna, lasterka zein plazako jardueretan».


